Udalak Atotxako autobus geltokia birmoldatuko du edukiera eta segurtasuna hobetzeko
Autobus geltokiak beste sarrera bat izango du Federico Garcia Lorca pasealekuan. Donostiako Udala Atotxako autobus geltokia “hobetzeko eta berrantolatzeko” duen proiektua aurkeztu du Jon Insausti alkateak. Azken urteotan izandako bidaiari hazkundeari erantzutea du helburu, azpiegituraren segurtasuna indartu eta ekipamendua hiriko mugikortasun behar berrietara egokitzeko.
Hamarkada bat darama martxan, eta urte hauetan erabilera asko hazi denez, jada, ez da nahikoa eta “salto egiteko unea” dela uste du Insaustik. “Erantzun sendoa da urteetan pairatu ditugun egungo behar eta gabeziei, baina baita hiriaren etorkizuneko mugikortasun beharrei aurrea hartzeko lana ere”. Azpiegitura estrategikoa izanik, azken hilabeteetan birmoldaketaren aurre proiektua landu dute, konfiantza eta segurtasuna eskaintzeko, hiru ildotan: dartsenen berrantolatzea, sarbide independente berri bat sortzea eta barruko espazioak berrantolatzea.
Dartsenei dagokienez, egun, 21 badaude ere, hamasei erabiltzen dituzte bidaiarien ohiko joan-etorrietarako, eta gainerako bostak itxaroteko espazio gisa erabiltzen dituzte, nagusiki. Proposamen berriari esker, guztiak bideratu ahal izango dituzte ohiko jarduketara, azpiegituraren edukiera handituz eta zerbitzu berriak sartzea erraztuz. Horretarako, hobetu egingo dute geltokiko guneen arteko oinezko lotura, eta itxaroteko gune espezifiko bat jarri, aipatu bost dartsenetarako.
Aipatu bost dartsenek, behar denean, modu autonomoan funtzionatu ahalko dute; izan ere, haietara jotzeko sarbide berri bat egingo dute Federico Garcia Lorca pasealekuan. Horri esker, gaueko zerbitzua gune horretan eman eta geltokiaren gainerako zatia itxi ahal izango dute, erabiltzaileen sarrera eta irteera gune kontrolatu bakar batean bilduz, segurtasuna eta sarbideen kudeaketa hobetuz.
Irekiagoa eta funtzionalagoa
Eraikin berri horrek kafetegia osagarri bat eta bizikletentzako aparkaleku berri bat izango ditu, hiriko bidegorri sarearekin zuzenean konektatuta. Horri esker, egun erabilera horiek dituzten espazioak libre geratuko dira eta barne berrantolaketarako erabilgarri. Hala, leihatilak beheko solairutik goikora lekualdatuko dituzte eta solairuarteko hainbat lokal kendu, bidaiarientzako azalera libratuz eta sartzeko eta irteteko ibilbideak argiago banatuz. Egungo tabernari lekua hartuko diote ere, itxarote eremua handituz eta zabalera sentsazioa hobetuz, espazio malguago eta irekiagoen bidez. Gainera, sarrera kontrola ere jarriko dute, txartela daukatenek soilik izan dezaten sartzeko aukera. Alkatearen esanetan, horren emaitza “geltoki irekiagoa, funtzionalagoa eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prestatuagoa” izango da.
Aurkeztutakoa aurreproiektua izanik, ez dute lanak hasteko datarik ezta aurrekonturik ere. Proiektua idazten hasiko dira orain eta, aldi berean, emakidadun enpresarekin hizketan ari dira finantzaketa nola aurrera eraman erabakitzeko. Insaustik agintaldia amaitu baino lehen adjudikatu nahi du esleipena. Edonola, lanak zerbitzua eten gabe gauzatuko dituzte eta lau fasetan egitea planteatzen dute geltokiaren funtzionamendua uneoro bermatzeko eta aldi baterako itxierak edo zerbitzuaren lekualdaketak saihesteko. Sarbide berria eraikitzen eta komunikazio bertikaleko elementuak egokitzen hasiko dira jarduketak, eta, ondoren, leihatilak pixkanaka lekualdatzen eta espazioak behin betiko berrantolatzen jarraituko da.

