Urre Beltza
'Inurri Itsuak' filmaren fotograma bat. Filma: Inurri Itsuak.
Zuzendaria: Ramiro Pinilla.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Euskal Herria.
Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian oinarritutako filma ondu du Igor Legarreta zinemagile bizkaitarrak; hain zuzen ere, 1930eko hamarkadan lurraldeko kostaldean girotutako drama historikoa dakarrena. Europako lantegi siderurgiko nagusienetakoak gurean kokatuta zeuden urteetara garamatza, eta baserri eremuko familia xume batez baliatuko da orduko gizarte zein giza gatazketan sakontzeko.
Denborale gogor baten ondorioz, ikatz tonaz beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa jo berritan, Sabas Jauregik (Urko Olazabal) «urre beltza» deritzona gorde eta nekez berotu dezakeen baserria mantentzeko erabili nahiko du, iristear den neguaren atarian pobrezia energetikoari aurre egin eta etxekoen bizimodua aurrera atera ahal izateko. Emazteak (Itziar Ituño), ordea, kontra egingo dio senarrari, haren burugogorkeria eta izaera tematiak familia galbidera eraman ditzaketelakoan beldurtuta. Guardia Zibileko tenientea (Carlos Santos) eta herritarrak kontra izango dituzte, guztiek ere, heriotzaren mehatxua hezurretan sumatuko baitute.
Thrillerraren (eta ia westernaren) mugetan dantzan, klase sozialen arteko arrakalak ageriko utziko ditu Inurri Itsuak-ek, itsasoz iritsi ohi zen ikatzaren kudeaketa politiko eta industrialak itotako herritarren duintasuna eta morala zalantzan jarriz. Legarretak gizakia, zehatzago, gizona, animaliekin parekatuko du, batzuen zein besteen biziraupen sena eta instintua askatuz.
Eta gisako filmetan gertatu moduan, pertsonaiek gaua izango dute agertoki. Kolore, testura eta argi-itzal ederrekin filmatutako pelikula da honakoa, iluntasunak marrazten dituen ñabardurez gozatzeko aukera ematen duena. Piktorikoa erabat, kontrasteen erabilerak indarra eta identitatea emango dizkio kontaketari, betiere, istorioaren proiekzio materiala izanik, tentsio dramatikoa erabat babestuko du arlo estetikoak. Bada, filmeko metafora politena bilakatuko da kandelen erabilera: esperantzaren eta salbazioaren irudikapena dira, energiaren, beroaren eta bizitzaren eroalea. Horiek itzaltzeak heriotzara garamatza, eta horregatik izango da ezinbestekoa beti piztuta mantentzea.
Halaber, genero proposamena izanda, Inurri Itsuak filmak euskal zinemagintzaren barne-nagikeriari buruzko hausnarketa jarriko du mahai gainean. Euskal zinema historiko eta komertzialak adierazle jakin batzuk baliatzen ditu ikuslearekin konplizitatea bilatzeko: aktoreak, alegia. Gure lurretan ere star system-a delakoa badugula ziurtatzera dator Legarretaren filma, izan ere, betiko aurpegi ezagunek daramate gure zinema industriaren sostengua, eta enegarren adibidea dugu honakoa. Paul Urkijoren Irati (2023) eta Gaua (2025), edo Asier Altunaren Karmele (2025) gisako lanetan nabari den tendentziak zer pentsatua eman beharko liguke. Noski, miresten ditugu Urko Olazabal, Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea zein Miren Gaztañaga, eta interpretazio bakoitzean bikain daude. Baina merezi du galdera planteatzea: sostengatuko litzateke genero thriller bat/film historiko bat/istorio epiko bat horien erreleboa hartu beharko lukeen belaunaldi gaztearekin? Pantailan erakargarri zaizkigun izar horiengandik askatu beharko luke euskal zinemagintzak bere buruan sinesteko?

