Abian da Urrezko Danborrerako eta Hiritar Merezimenduaren Dominetarako proposatzeko epea
Aurten, bi aintzatespenetarako epea bera izango da, eta azaroaren 1a arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak, udalaren webgunean.
2024ko Urrezko Danborra.Beñat Parra Donostiako Udalak gaur ireki du 2027ko Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak lortzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Berrikuntza gisa, aurten bietarako proposamenak aurkezteko epea aldi berean egingo dute, eta azaroaren 1era arte luzatuko da.
Urrezko Danborrak nortasun juridikoa duen pertsona edo erakunde bat bereizten du urtero, bere ibilbideari edo garatzen duen jarduerari esker Donostia ezagutarazten eta hiriaren irudi positiboa kanpoan proiektatzen nabarmen lagundu duena, eta, aldi berean, beste leku, erakunde eta pertsonekin dituen lotuak bultzatzen ditu. Donostian erroldatutako pertsona fisikoek aurkez ditzakete proposamenak, adin mugarik gabe, baita kirol elkarte, fundazio, eta klubek edo enpresek ere, betiere, egoitza hirian badute. Bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.
Hiritar Merezimenduaren Dominei dagokienez, berriz, hiriak nortasun juridikoa duten pertsona edo erakundeei ematen dien esker ona adierazten dute, askotariko esparruetatik bizikidetza indartzen dutelako eta Donostiako bizitza kolektiboari balioa ematen diotelako. Kasu honetan, ez dago mugarik bakoitzak aurkez ditzakeen proposamen kopuruan, baina hautagaitza bakoitzeko fitxa bat bete beharko dute.
Proposamenak udalaren webgunearen bidez egin behar dira, nahiz eta behar dutenek laguntza eska dezaketen Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren bulegoetan.
Partaidetza zinegotzi Idoia Graciak donostiarrak animatu ditu parte hartzera, “beren ibilbideagatik, ekarpenagatik edo hiriarekin duten loturagatik, sari bat edo bestea merezi dutela uste duten pertsona edo erakundeak proposatzera, bakoitzaren ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta”.

