Beñat Gaztelumendi da Bilintx Sariaren garailea
San Telmoko finaleko parte hartu zutenen talde argazkia. Bilintxi Balantxa Beñat Gaztelumendi bertsolariak irabazi du bigarren Bilintx Saria, Donostiako bertsolarien arteko txapelketa. Ostiralean, hilak 16, jokatu zuten finala, San Telmo museoan aurreko kanporaketetan sailkatutako Manex Mujika, Oier Etxeberria, Peru Aiartza, Unai Gaztelumendi, Egiar Otegi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek. Aretoa txiki gelditu zen, antolatzaileen esanetan, 140 bat bertsozale elkartu baitziren, edukiera guztiz gaindituta, eta jende ugari kanpoan gelditu behar izan zen, ezin sarturik.
Unai Elizasu aritu zen gai jartzaile, bertsoen epaile, berriz, Amaia Izagirre, Aitzol Astigarraga eta Andoni Otamendi. Oholtzan “maila ederra” erakutsi zuten sei finalistek, eta ariketa guztiak egin ondoren —zortziko txikian, zortziko handian, puntutan, hitza emanda eta hamarreko txikian— Gaztelumendi eta Mujika heldu ziren buruz burukora. Mujikak ezin izan zuen bigarrenez txapela jantzi, oraingoan añorgatarrak eskuratu baitzuen sari nagusia. Gainerako bertsolariak, hurrenez hurren, Etxeberria, Aiartza, Gaztelumendi eta Otegi izan ziren.
Bilintxi Balantxako kideek aurtengo txapelketan lagundu dutenei eskerrak eman dizkiete, eta, jakinarazi dutenez, kanpoan gelditu zirenek edota saioa berriro gozatu nahi dutenek laster izango dute aukera; entzungai jarriko baitute sare sozialetan.

