Elkarretaratzeak Donostian, bortxatua izandako emakume batek bere buruaz beste egin duelako
Egiako Plaza Haundin (Luis Martin Santos plaza) egingo dute elkarretaratzea. Artxiboko irudia.Joseba Parron San Sebastian Bortxatua izan zelako salaketa jarri eta egun batzuk beranduago, bere buruaz beste egin zuen Angeluko (Lapurdi) 19 urteko emakume batek. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak “amorruz eta minez” salatu du gertatutakoa, eta, indarkeria matxistak emakumeen* bizitzetan duen eraginaz gain, gertatutakoa aztertzeko beharra nabarmendu du. Egoera salatzeko, elkarretaratzera deitu du mugimenduak, hainbat euskal hiriburutan, besteak beste, Donostian. Hilaren 21ean, asteazkena, izango da bertakoa Egiako Plaza Haundin, 18:00etan.
Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari dituela gogorarazi du mugimendu feministak eta gorrotoa hauspotzeko ezin direla emakumeen mina eta sufrimendua erabili nabarmendu du. Erakundeen erantzukizuna dutela ere salatu du eta prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatu behar dituztela gaineratu du.
Gizonen arazoa ere badela ziurtatu du mugimenduak, ez emakumeena soilik: “Egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea”, azaldu du, isiltasuna konplizitatea dela salatuz. Erantzun kolektiboa emakumeen* indarra dela ere gogorarazi du mugimenduak, gertakariaren aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko haren protokoloa martxan jarri du eta autodefentsa feministaren beharra ere azpimarratu du. Mugimenduaren hitzetan autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea, “gure arteko aliantzak eraikitzea da”.
Itaiak ere mobilizatzera deitu zuen asteburuan
Emakumeen aurkako indarkeria larriagotu dela salatu zuen Itaiak, eta eraso honek agerian utzi duela indarkeria matistak emakumeen bizitzetan dituen “ondorio lazgarriak”. Gainera, erasotzaileen inpunitatea ere seinalatu zuen eta matxismoaren aurkako posizioa jendartean zabaltzea “urgentziazko” zeregina dela salatu du.
Hala, larunbatean elkarretaratzera deitu zuen Bulebarrean, 19:30ean, eta hainbat izan ziren bertaratu zirenak.


