Francisco Escudero kontserbatorioa handitzeko akordioa egin dute udalak eta Hezkuntza Sailak
Francisco Escudero kontserbatorioa, Easo kalean.Francisco Escudero kontserbatorioa Aspaldiko eskaera bati erantzuna emango dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: Donostiako Francisco Escudero Erdi Mailako Musika Kontserbatorioa handitu eta berrituko dute. Hezkuntza Eraiki 2030 planean aurreikusitakoaren arabera, 22 milioi euroko aurrekontua izango du. Easo kaleko 45. zenbakian dago egoitza.
Donostiako Udalak eta Hezkuntza Sailak akordioa lortu dutela iragarri zuen Jon Insausti alkateak, pasa den asteko udalbatzarrean. Lagapenaren bidez erraztu dute bi aldeen arteko lankidetza, kontserbatorioa handitu ahal izateko. Udalak zentroaren alboko eraikinetan dituen instalazioak lagako dizkio Jaurlaritzari: suhiltzaileen parke zaharra eta Udalinforen bulegoa.
Urtea bukatu aurretik aurkeztuko dute eraikuntza proiektua, obrak lizitaziora pasatu aurretik. Dena dela, ez dute argitu kontserbatorioa handitzeko eta berritzeko lanak noiz hasiko diren.
Gogoratu behar da Francisco Escudero kontserbatorioko hezkuntza komunitateak urteak daramatzala eraikina handitzeko eskatzen. Izan ere, askotariko gabeziak pilatu ditu azken urteotan: ikasgelen kopuru mugatua, igogailu falta, irisgarritasun falta, intsonorizazio eta klimatizazio hobekuntzen beharra, eta abar.

