Gipuzkoako Moeve gasolindegietan hiru greba ziklo berri deitu dituzte
Moeve gasolindegietako langileak, greban.LAB Uztailetik irailera bitartean egindako lanuzteen ondotik, Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek grebara joko dute berriro udazken honetan. Lan baldintzak duintzea helburu, beste hiru greba ziklo iragarri dituzte urriaren 27tik abenduaren 23ra bitartean.
Langileek azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate enpresako barne ituna negoziatzen, baina konpainiak ez du aurrerapauso nahikorik eman eta entzungor egin die aldarrikapenei. Aldiz, langileek gogorarazi dute aurreko hiru greba zikloek jarraipen ia erabatekoa izan zutela, euren eskaerei indar handiagoa emanez.
Egoera horren aurrean, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute hiru fase hauen bidez: lehen urratsa, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara; bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etatik azaroaren 25eko 22:00etara eta hirugarren eta azken urratsa, abenduaren 21eko 22:00etatik abenduaren 23ko 22:00etara.
Datozen egunetan emango dituzte ezagutzera greba egunetako mobilizazio nagusien zehaztapenak.

