Elkarrekinek osoko zuzenketa aurkeztuko du, etxebizitza publikoa eta larrialdi klimatikoa lehenesteko
Victor Lasa, Elkarrekin Donostiako bozeramailea, artxiboko irudian.Elkarrekin Donostia Elkarrekin Donostiak jakitera eman du osoko zuzenketa bat eta 80 zuzenketa partzial aurkeztuko dizkiola 2027. urterako aurrekontuen proiektuari. Zuzenketei esker etxebizitza publikoa eta larrialdi klimatikoa lehenetsi nahi ditu, 31 milioi euro baino gehiago “inbertsio eta gastu partida berrietara” bideratuz.
Alderdi politikoak proposatutako zuzenketen artean nabarmenena da Etxegintzari 7,7 milioi euro gehiago bideratu nahi dizkiola, “etxebizitzak erosiz alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko”. Beste zuzenketen artean honakoak daude: “Klima 2050 Planaren gauzapenean aurrera egiteko” 3,1 milioi euro gehiago bideratzea; bi milioi euro “ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeko eta haien inguruko bide segurtasuna hobetzeko”; milioi bat euro etxebizitzen birgaitzea eta irisgarritasuna sustatzeko; 500.000 euro Gros auzoa basoberritzeko; eta 1,5 milioi euro Gros auzoan ere erretiratuentzako egoitza bat egiteko.
Victor Lasa Elkarrekin Donostiako bozeramaileak adierazi du “benetako eragina izango duten inbertsioak” proposatuko dituztela, “etxebizitzan, auzo berdeagoetan eta donostiarren bizi baldintzak” hobetzeko. Azken hiru agintaldietako aurrekontuak kontinuistak direla nabarmendu du eta salatu du arazoa ez dela “baliabide falta, lehentasun politikoak baizik”.
Aurretik aipatutako alorretan inbertsioa gehiagotzeko, beste gastu batzuk murriztea proposatzen du alderdiak, hala nola “Donostiako Sustapenari, Donostia Turismoari eta Egiako komisaria berriari dagozkien partidak”.

