Etxegintzak Amenabarren esku utzi du Infernuko 236 etxebizitza babestuen eraikuntza
Infernuko babesturiko etxebizitzen simulazioa.Donostiako Udala Donostiako Etxegintzaren administrazio kontseiluak Amenabar enpresari adjudikatu dio Ibaetako Infernua eremuko etxebizitza babestuen lehiaketa publikoa. Guztira, 236 etxe eraikiko dituzte eremuan; 117 tasatuak izango dira eta 119 alokairu sozialekoak. Udalak iraila bukaeran aurreratu zuen adjudikazioa.
Garapenaren kontratua 1.559.852 euroan esleitu dela jakinarazi du El Diario Vasco egunkariak. Kopuru hori lizitazio prezioaren %61,58 baino gutxiago dela gaineratu dute. Lehiaketa publikora bi enpresa aurkeztu ziren: Amenabar eta Loiola, eta lehenaren alde agertu da Etxegintza.
Amenabarrek Etxegintzak izendaturiko pertsonei saldu beharko dizkie etxe tasatuak, eskatzaileen erregistroan inskribatutako pertsonen artean, berme publiko guztiak dituen prozesu batean. Izena eman duten pertsonez gain, izena emateko epe bat irekiko dute, eta bere momentuan jakinaraziko dute. Nolanahi ere, parte hartzeko baldintzak eta esleipen prozesuak udalak ezarriko ditu, eta garrantzi berezia emango zaie hiriarekin lotura luzea duten pertsonei.
Hamahiru pisuko dorre batean kokatuko dira 117 etxebizitza tasatuak, eta garajea eta trastelekua dituen etxebizitzaren prezioa, gutxi gorabehera, 195.000 eurokoa izango da logela bat dutenentzat —hamalau, guztira—, 285.000 euro bi logela dituztenentzat —66, guztira—, eta 340.000 euro hiru logela dituztenentzat —37, guztira—.
Bestalde, alokairu sozialeko 119 etxebizitza sozialak eraikita eta erabiltzeko prest entregatuko dizkio promotoreak Etxegintzari, eta erakunde horrek alokairu publikoan eskaintzen dituen etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien parkeari gehituko dizkio. 119 horietatik, 22 logela batekoak izango dira, 76 bi logelakoak eta 21 hiru logelakoak.
Alkatea, pozik
Jon Insausti alkateak modu egokian baloratu du albistea, eta “donostiarren benetako arazo bati irtenbide zehatzak emateko etxebizitza eraikitzeari eman nahi diogun bizkortzearen” barruan kokatu du. Zentzu horretan, alkateak garrantzitsutzat jotzen du proiektu honen buru izatea, “hirian erroldatuta dauden edo Donostian jaio eta kanpoan dauden donostiarrek etxebizitza eskuratzea bermatzen duelako, baina sustraitze bat egiaztatzen badute”.
Alkateak abarmendu duenez, “Infernuan alokairuko etxebizitza sozialak eta jabetza erregimeneko etxebizitza tasatuak proposatzen dira. Etxebizitza tasatuaren azken modalitate horrekin, erdiko klaseko donostiarrei etxebizitza bat erosteko aukera eskaintzea da lehentasunezko helburua, beren ahaleginarekin eta lanarekin lortutako errenten bidez. Izan ere, Donostiako langile klasea azken hamarkadetako etxebizitza politiken ahazturik handiena izan da”.
Esleipendunak eraikitzeko gehienezko epean bost hilabeteko murrizketa eskaini du bere proposamenean; beraz, lehiaketa esleitu eta eskriturak sinatu ondoren, sustapenaren garapen osoa hogeita zazpi hilabeteko epean amaituta egon beharko da.

