Ezetza eman diote etxez etxeko zerbitzuko langileek aurreakordioari
Donostiako Udaleko etxez etxeko langileak, grebako protesta batean. Irati Salsamendi Udaleko etxez etxeko zerbitzuko langileek uko egin diote, “aho batez” CCOOk eta Aztertzenek aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aurreakordio proposamenari. Sindikatuek ezagutarazi dutenez, larunbatean egindako asanbladara joandako langile guztiek aurka bozkatu zuten, “beren baldintza ekonomikoak okertzen dituela uste baitute”.
ELA eta ASADEk salatu duenez, aurreakordioak barne hartzen du soldata 2027 urte osoan zehar izoztea, baita beste zenbait lan baldintzen hobekuntza ere. Proposamenak barne hartzen du 2028an ordainsari bat, “oinarrizko soldata baino txikiagoa”, baina ez dute uste ondorio ekonomikoak “konpentsatzen” dituenik. Sindikatuek langileen egungo oinarrizko soldata 1.701,51 euroan kokatu dute, eta diotenez, bileran aurkeztutako kalkuluen arabera, aurreakordioak hileko 53,77 euroko aldea ekarriko lukeela 2029ko urtarrilean. ELAk eta ASADEk egindako estimazioen arabera, alde hori 752,78 eurokoa litzateke urtean hitzarmenaren indarraldiaren ondorengo ekitaldietan, 2029tik 2031ra bitartean.
Gatazka udala Etxez Etxeko zerbitzuaren lizitazioa prestatzen ari dela sortu da. ELA eta ASADEren esanetan, soldata izozteak onura ekonomikoa ekar diezaioke enpresari udalak zerbitzuaren tarifak eguneratzen baditu kontratu berrian, langileen ordainsariek aldaketarik gabe jarraitzen duten bitartean. Onura gehigarri hori 612, 54 euro langileko izan daitekeela kalkulatu dute. Horregatik, eskaera bat erregistratu dute Gizarte Ekintza arloan kontratu plegu berriek enpresen aldeko irizpide izan dezaten 2027ko abuztutik aurrera % 6ko soldata igoera aplikatzea.
Halaber, ohartarazi dute CCOOk eta Aztertzenek aurreakordioa sinatuz gero, mobilizazioei ekiteko prest daudela.

