Itziar Okariz donostiarra dago Gure Artea sarien irabazleen artean
Itziar Okariz donostiarra dago Gure Artea sarien irabazleen artean.Eusko Jaurlaritza Gaur jakinarazi dituzte Euskadiko arte plastiko eta ikusizkoen arloko sari garrantzitsuenen irabazleak: Gure Artea sariak. Aurtengo edizioan, Itziar Okariz donostiarraren ibilbidea saritu dute, beste sortzaile batzuenarekin batera. Sari banaketa hilaren 28an egingo dute Tabakaleran.
Okarizek Ibilbide artistikoaren saria jaso du, 35 urtetik gorako ibilbide oparoa, lengoaia performatibo propioa eta nazioarteko zein hezkuntza mailako erreferentzialtasuna aitortuz. Bestalde, Beatriz Olabarrieta bilbotarrak Sorkuntza lanaren saria eskuratu du, intuizioan eta materialen eraldaketa sotiletan oinarrituta pertzepzio esperientzia berriak sortzeko duen gaitasunagatik. Azkenik, Bilboko Kampai Espazioa gune autogestionatuari Agenteek egindako lanaren saria eman diote, sorkuntza garaikidea bultzatzeagatik, artista emergenteen topaleku izateagatik eta euskal arte sarea indartzeko egiten duen lanagatik.

