«Konexioetan» jarriko du fokua LABO XL jaialdiak, arte eszenikoen egitarau zabalarekin
Azaroaren 12tik 15era egingo dute zortzigarren LABO XL jaialdia Donostian. Dantza, antzerkia eta zirkua izango ditu ardatz jaialdiak, 22 emanaldirekin.
Ion Estala LABOko zuzendaria eta Ana Barrantes ekoizpen burua, jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan.Beñat Parra Zortzigarren LABO XL arte eszenikoen jaialdia aurkeztu dute astearte goizean, Donostiako Tabakaleran, Ion Estala LABOko zuzendariak eta Ana Barrantes ekoizpen buruak. Nabarmendu dutenez, “topagune” izan nahi du LABO XLk: “Jaialdiaren ezaugarria da gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa erabiltzen dituzten arte adierazpen guztiek tokia duten hurbileko espazioa izatea. Artistek, kultur eragileek, erakundeek eta publikoak bat egiten duten topagune irekia”. Azaroaren 12tik 15era egingo dute, Tabakaleran eta Egia Kultur Etxeko Gazteszena aretoan; hemen daukazue egitarau osoa.
22 konpainia eta 22 ikuskizun ditu egitarauak: hamasei dantza ikuskizun, lau antzerki ikuskizun, zirku ikuskizun bat eta kontzertu bat. Horietatik, lau erabateko estreinaldiak izango dira, zazpi Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako estreinaldiak eta bi Espainiako Estatukoak. Horrez gain, lau bitartekaritza jardunaldi eta hainbat topagune ere antolatu dituzte, jaialdiaren proposamena osatzeko. Jardueretako asko doakoak izango dira, eta beste hainbat ordainpekoak; hain zuzen ere jaialdiaren webgunean erosi daitezke abonamenduak eta sarrerak.
X konpainia eibartarraren Cuerpas ikuskizunak irekiko du jaialdia, eta hain zuzen ere, konpainiako kideak dira jaialdiaren karteleko protagonistak. Jaialdiak berak Tabakaleraren laguntzarekin ematen duen EKI programan hautatua izan zen X konpainia, eta programa horren emaitza da Cuerpas.
“Konexioak”
“Aurten, LABO XLk, besteak beste, konexioetan jartzen du fokua”, nabarmendu dute antolatzaileek: “Jendeak bat egiten duen, elkarri eskua ematen dioten eta energia sortzeko txinparta sortzen duten espazioen sorkuntzan; emandako publikoarekin topo egiten duen artista, bere antzerkirako konpainia egokia aurkitzen duen programatzailea, dantzari baten eskutik bide berriak aztertzen dituen ikuslea eta abar”.
Ildo horretatik, azaldu dute tokiko zein nazioarteko artisten proposamenek osatzen dutela egitaraua: “Dantza, antzerki eta zirkuko dramaturgia berrietan jartzen da arreta, bai konpainia gazteetan, bai beteranoetan. Familia osoarentzako piezetatik helduagoetara, arte eszenikoak publiko posible guztietara eramatea da helburua”.
Bestalde, konexioekin jarraituz, aurten, lurralde gonbidatua Balearrak izango dira: “Elisenda Farre Secall izango da bertan eta lau konpainia balearrren (BAAL, Alejandro Fuster, Maya Triay i Mariona Jaume eta La Perrerie) ikuskizunak izango ditugu ikusgai”, nabarmendu dute. Horrez gain, “nazioarteko ukitua” Portugalek, Frantziak eta Estoniak jarriko dutela azaldu dute: “Baltikoko herrialdeak jaialdia bisitatzen duen lehen aldia da, eta bi herrialdeek, Euskadik eta Estoniak, zubi bat eraikitzeko lehen harria izango da”.
Euskararen presentzia
“Euskararen presentzia ziurtatuta dago programan”, azaldu dute antolatzaileek prentsaurrekoan: “22 konpainia gonbidatuetatik, hamar euskaldunak dira, eta testua duten lau antzerki proposamenetatik, bi euskaraz dira”. Izan ere, LABO XLko kideek nabarmendu dute garrantzi handia ematen diotela euskal kulturaren presentziari.
Bestalde, Atzegi desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearekin elkarlanean aritzeaz gain, aurten, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat egokia den antzerki pieza bat txertatu dute programazioan: Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hegan egiteko gogoa da. Horrez gain, “lekua eta ikusgarritasuna ematen diogu emakume sortzaileen lanari, ez soilik antzele lanetan, baizik eta zuzendari, koreografo, teknikari eta abarren lanetan”, gaineratu dute.
LABOk Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza du, baita Kutxa Fundazioaren eta Tabakaleraren babesa eta kolaboratzaileen sare zabal baten euskarria ere. Hain zuzen ere, IRUTXULOKO HITZA da jaialdiaren kolaboratzaileetako bat.

