PPk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal aurrekontu proiektuari, fiskalitatea eta inbertsioak ardatz
Vanesa Velez, Borja Corominas eta Tomas Pascua dira PPren hiru zinegotziak.PP 502 milioi euroko aurrekontua proposatu du Donostiako Udal Gobernuak (EAJ-PSE-EE) 2027. urterako, eta proiektuari zuzenketak aurkezteko denbora dute orain udalbatza osatzen dute alderdiek. Hain zuzen ere, PPk osoko zuzenketa aurkeztu dio proiektuari: “Aurten ere, EAJk eta PSEk zergak igo dituzte, eta, berriz ere, 502.089.720 euroko aurrekontu errekorra dute, Espainia osoko handiena, biztanleko”, azaldu du Borja Corominas bozeramaileak, hedabideetara gaztelania hutsean bidalitako ohar baten bidez.
Fiskalitatean eta inbertsioetan jarri dute fokua popularrek, bereziki. Hain zuzen ere, Corominasek adierazi du gastu arrunta 406,5 milioi eurora iritsi dela, “2026an baino %6,28 gehiago”, eta inbertsio errealak “24,4 milioi baino ez direla”: “EAJ-PSE gobernuak Administrazioa haztea eragiten du, baina ez hiria haztea”.
Ildo horretatik, “ez ditugu babestuko donostiarrei gero eta ahalegin handiagoa eskatzen dieten kontuak”, nabarmendu du bozeramaileak: “Donostiak inbertsioa, etxebizitza, ekipamendu hobeak eta auzo hobeak behar ditu, gastu burokratiko gehiagorik ez, eta hori da EAJk eta PSEk planteatzen dakiten gauza bakarra”.
Horrez guztiaz gain, 201 emendakin partzial aurkeztu ditu PPren udal taldeak, “udalaren gastu arrunta murrizteko eta dirua inbertsioetara bideratzeko” helburuarekin. Zehazki, 170 emendakin aurkeztu dituzte popularrek “gastu arrunta eta burokrazia murrizteko”, 27 emendakin “inbertsioak eta kapitala handitzeko” eta lau emendakin “gizarte gastu arrunta eta zerbitzuak indartzeko”.

