Babacar Welleren hilketa salatzeko mobilizatuko dira Donostian
Babacar Welleren hilketa salatzeko elkarretaratze bat, Hondarribian.Gedar Donostiako Asanblada Antirrazistak elkarretaratzera deitu du igande honetarako (hilak 25), Babacar Welleren hilketa salatu, eta harentzako justizia aldarrikatzeko; Bulebarrean izango da, 12:00etan. Welle Hondarribiako udaltzain batek tiroz hil zuen irailean, kaleko liskar batean, ustez, ertzain bati labana batekin eraso egingo ziolako. 46 urte zituen Wellek eta jatorri senegaldarrekoa zen; hain zuzen ere, “arrazakeria poliziala” salatu zuen Hondarribiko komunitate senegaldarrak.
Ildo beretik jo du Donostiako Asanblada Antirrazistak: “Indarkeria sistemikoen urakanaren aurrean, babes mekanismoek eta diskurtsoek ez dute egiturazko arrazakeria disimulatzea lortzen. Nahikoa da imajinatzea zer distantzia dagoen gorroto diskurtsoen inflazioaren eta prekaritatea zein indarkeria instituzionala izugarri areagotzen duten neurrien eta legeen artean”. Asanbladak gaineratu duenez, “kontraste horiek muga bat markatzen dute babestua izateko eskubidea daukana eta ez daukanaren artean. Babesteko eskubidea duen gizatasunaren eta baztergarria izan daitekeenaren arteko banaketa horrek gure gizarteak antolatzen duen zatiketa izaten jarraitzen du”.
Horrela, “etengabe, egunez egun ezartzen da nor babestu behar den eta zein den sakrifikatu daitekeen gainerakoa”, salatu dute antirrazistek: “Babesa arrazakeriaren, klase irizpideen, generoaren, sexualitatearen eta kapazitismoaren bidez ezartzen denean, zuritasuna sistema gisa menderatzea betikotzen da. Estatu arrazistaren babes politikak bereizketa horiek behar ditu nagusi izaten jarraitzeko”.


