Lau pertsona kartzelatu dituzte, erasoak eta indarkeriaz egindako lapurretak leporatuta
Zubietako espetxe berriaren artxiboko irudia.Irutxuloko Hitza Udaltzaingoak jakinarazi duenez indarkeriaz egindako lapurretagatik eta erasoengatik atxilotutako lau pertsona espetxeratu egin dituzte. Larunbatetik iganderako goizaldean lau pertsona atxilotu zituzten, ustez, bi pertsonaren aurkako bi erasotan parte hartu zutelako. Gertaera horiengatik sartu dituzte espetxean.
Aurreko igandeko 03:00ak pasata, lau pertsonek beste pertsona bat zauritu omen zuten, baita haren lagun bat ere. Bertatik ihes egin eta minutu batzuk geroago, ustezko lau erasotzaileak itzuli omen ziren, eta berriro eraso zioten biktimari. Lekukoen testigantzen arabera, bigarren erasoan makila bat eta kate bat baliatu zituzten. Udaltzaingoak gaineratu duenez, erasotzaileetako batek labana batekin mehatxatu zuen erasoa jaso zuenaren laguna, honakoa erasoa gelditzen saiatu zenean.
Zauritua, lehenengo osasun laguntza jaso ondoren, ospitalera eraman zuten; haren lagunak “ez zuen osasun asistentziaren beharrik izan”. Erasoaz gain, bere lagun baten telefono mugikorra eta 100 euro lapurtu zizkiotela salatu zuen biktimak.
Abisua jasotzean Udaltzaingoa eta Ertzaintza usteko erasotzaileak aurkitzeko mobilizatu ziren, eta biktimen laguntzarekin, topatu zituzten, baita erasotzeko erabilitako makila eta katea ere. Biktimek eta lekukoek bi erasoetan parte hartu zituzten pertsonak identifikatu ondoren, agenteek atxilotu egin zituzten, indarkeriaz egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta. Polizia etxera eraman zituzten, eta epaileak hala erabakita, epaitegian egon ondoren espetxeratu dituzte.

