San Juan de Dios ospitaleko langileak lanuzteak egiten ari dira
San Juan de Dios Ospitaleko langileak lanuztea egin artean. ELA San Juan de Dios ospitaleko langileek lanuzteak antolatu dituzte, enpresarekin negoziazioak bi urtez geldirik daramatela salatzeko eta “blokeoa hausteko” asmoz; gainera, enpresaren zuzendaritzari jakinarazi nahi izan diote “mobilizazioak areagotu egingo direla” langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie.
Lehen lanuztea atzo egin zuten, hilak 20, 10:00etatik 11:00etara artean. Langileek salatu dutenaren arabera, zuzendaritzak uko egin dio “KPIaren araberako soldata eguneratzea bermatzeari”, eta horrek langileek erosahalmena galtzea eragiten du. ELAk adierazi duenez alde batetik lan baldintza duinak eta aitortza profesionala eskatzen dituzte langileek, eta bestetik, “erantzunik jaso ez duten aldarrikapenei irtenbidea ematea”. Ospitaleko eguneroko jardunetan zailtasunak “gero eta handiagoak” direlako.
Oraingoz, beste hiru lanuzte antolatu dituzte: bihar, osteguna, hilak 22, 11:00etatik 12:00etara; hilak 27an, asteartea, 10:00etatik 11:00etara; eta hilak 29an, 11:00etatik 12:00etara. Baina enpresa batzordeak jakinarazi duenez, mobilizazioak areagotu egingo dira zuzendaritzak langileen aldarrikapenei erantzun gabe jarraitzen badu.
Bere aldetik, enpresak argudiatu du Eusko Jaurlaritzak ematen dion finantzaketa ez dela nahikoa bere jarrera justifikatzezko. ELAk honakoa erantzun du: “Egoera hori ezin da aitzakia izan negoziazioa blokeatuta mantentzeko, ezta horren ondorioak langileen gain uzteko ere”.

