Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta legezkoa dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak
Txalingo txaleta, Igeldon.Igeldoko Herri Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Xabi Alonso futbolari ohi eta egungo Chelseako entrenatzaileak Igeldoko Txalin eremuan duen txaleta legezkoa dela, eta, beraz, momentuz, ez du eraitsi beharko. Hala jakinarazi dute Vocento taldeko hedabideek, iturri judizialak aipatuz. Sententziaren aurkako helegitea jarri daiteke, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Horrela, auzitegiak ontzat eman ditu Alonsorekin lotura estua duen Tavaro XXI enpresaren eta Donostiako Udalaren helegiteak. Zehazki, auzitegi nagusiak bertan behera utzi du bere garaian obra lizentzia baliogabetu zuen epaitegiaren epaia, eta lanak zuzenbidearekin bat datozela ebatzi du, etxebizitzak aplikatu beharreko hirigintza parametro guztiak betetzen dituela ondorioztatuta.
Gogoratu behar da 2024an txaleta eraikitzeko lizentzia bertan behera utzi zuela Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Igeldoko Ieltxo Kultur Elkarteak 2022an aurkeztutako salaketa baten harira. Horren arabera, txaleta eraitsi egin beharko lukete, baina asteazken honetako sententziarekin, epai hori bertan behera gelditu da.
Haritzalderen eta Ieltxoren izenean, Javi Olaberri abokatuak epaiaren inguruko balorazioa egin dio IRUTXULOKO HITZAri, epaia bera deitoratuz: “Zoritxarrez, epaia kontrakoa da guretzat. Bi paragrafotan ebazten du, eta, are arbuiagarriagoa dena, ez ditu aipatzen alderdi honek epaia legez kanpokotzat jotzeko emandako beste sei arrazoiak”. Hain justu, “epai laburpenaren eskaera errekurtsoa” prestatu du abokatuak, “auzitegiak sei gai horiei buruz ebatz dezan, legeak horretara behartzen baitu”.
Berreraikitzea “ez da posible”
Udalak 2018an eman zuen Alonsoren txaleta eraikitzeko lizentzia, zehazki, Txalin eremuan Martuteneko Goiatz Berri baserriaren antzeko ezaugarriak dituen eraikin bat eraikitzekoa; baserri hori Martutenen zegoen, eta AHTaren lanengatik desjabetu eta eraitsi zuten. Ordea, txaletak ez du baserri haren antzik, eta Donostiako epaitegiak horregatik utzi zuten bertan behera lizentzia, 2024an.
Orain, aldiz, auzitegi nagusiak ebatzi du ezin dela jatorrizko eraikina bere horretan berreraiki, eta, beraz, proiektuaren legezkotasuna indarrean dauden hirigintza irizpideen araberakoa dela.

