CIMASUBek haurrengana zein adinekoengana hurbilduko du itsaspeko zinema, 50. edizioan
'Oxygène' filma, Urrezko Baranda dokumentaletan.CIMASUB Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak (CIMASUB) bere 50. edizioaren programa ofiziala aurkeztu du. Jaialdia azaroaren 12, 13 eta 14an egingo dute Antzoki Zaharrean, itsaspeko zinema, argazkigintza eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartuz.
Programazioa eta saioak
Aurtengo edizioak Espainiako estatuko zein nazioarteko zinemagileen 22 ikus-entzunezko lan eskainiko ditu, hiru saio nagusitan banatuta, 19:00etan, Antzoki Zaharrean.
Lehenengoa, Brontzezko saioa; azaroaren 12an izango da, eta planetako hainbat txokotara bidaiatuko dute ikusleek The NET (Kontzientziazio Ekologikoko saria), Corazón al Descubierto (Brontzezko Baranda film laburretan) eta The Last Frontier (Brontzezko Baranda dokumentaletan), eta En Clave de Mar edo Los tiburones ballena de Papúa lanekin.
Biharamunean, azaroaren 13an, Zilarrezko saioan, The Time We Borrow (Zilarrezko Baranda musikala), Snake Island (Zilarrezko Baranda film laburretan), Malpelo y los guerreros del santuario (Zilarrezko Baranda dokumentaletan), Where Devils Return (Emakumezkoen talentua saria) eta Baixo as augas de A Mariña Ortegal (Kantauri Saria) ikusi ahal izango dira.
Azaroaren 14an, berriz, Urrezko saioa egingo dute. Bertan proiektatuko dituzte lan irabazle nagusiak: Sipadan Saudade (Urrezko Baranda musikala), Un corto exprés (Urrezko Baranda film laburretan) eta Oxygène (Urrezko Baranda dokumentaletan).
Zikloari amaiera emateko, lehiaketako 100 argazki onenen diaporama erakutsiko dute, jaialdiaren 50 urteko historia posible egin duten beteranoei omenaldi berezia egingo diete, eta sariak banatuko dituzte.
Pantaila handitik harago
CIMASUBek hezkuntza eta sentsibilizazio jarduera osagarriak ere antolatu ditu. Alde batetik, hiriko zenbait gunetan, nazioarteko lehiaketako irudi ikusgarrienak jasotzen dituzten argazki erakusketak egongo dira ikusgai.
Bestetik, Itsaspeko Txikizikloaren bidez, 3.500 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute belaunaldi berrietan itsas munduarekiko jakin-mina eta ingurumenarekiko errespetua pizteko hezkuntza biran. Gainera, berritasun gisa, Itsaspeko Adinzikloa abiarazi dute Realaren fundazioarekin lankidetzan, itsaspeko mundua eguneko zentroetara eta adinekoen egoitzetara hurbiltzeko.
Sarrerak, doan
Hiru zinema saioak doakoak izango dira, eta sarrerak proiekzio bakoitzaren egunean bertan eskuratu beharko dira, lekuak bete arte. Hauek jaso ahal izateko bi ordutegi egongo dira: goizez, Viktoria Eugenia antzokian, 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldez, berriz, Antzoki Zaharrean, 16:30etik 19:00etara.

