Donostiako langabezia tasa minimo historikoan kokatu da, 2025eko Barometro Ekonomikoaren arabera
Donostiako langabezia tasa % 5eko minimo historikoan kokatu da, 2025eko Barometro Ekonomikoaren arabera.Donostiako Udala Donostia Sustapenak 2025eko Barometro Ekonomikoaren datuak plazaratu ditu. Horien arabera, langabezia inoizko baxuena izateaz gain, ekonomiak eta berrikuntzak oso zifra indartsuak erakutsi dituzte. Hala ere, badira kezka sortzen duten joerak: emakumeen lan baldintzak, merkataritzaren beherakada eta, batez ere, biztanleriaren zahartzea.
Lan merkatua
Langabezia tasa %5ean kokatuta, Donostia Euskadiko langabezia txikiena duen udalerria da orain. Urtean zehar 94.100 kontratu inguru egin dira, eta 34.700 pertsonak lortu dute lana. Datu positiboena da kontratazio mugagabea %1,6 hazi dela, eta 35 urtetik beherako gazteen kontratazioak %2,5 egin duela gora. Atzerritarren lana ere %4 hazi da, eta dagoeneko kontratatu guztien %22a dira.
Dena den, badira hobetu beharrekoak: emakumeek lanaldi partzialak (% 50,3) eta behin-behineko kontratuak (% 56,1) pairatzen dituzte, gehienbat. Horrez gain, langabetuen profilari erreparatuta, %42,5ek derrigorrezko ikasketak soilik dituzte, eta horrek asko zailtzen du lan merkatuan sartzea.
Ekonomia eta enpresak
Donostiako ekonomiak udal BPGren %5,5eko hazkunde nominala lortu du. Ondorioz, biztanleko BPGa 53.800 eurokoa da orain, Gipuzkoako batez bestekoa baino %14 gehiago eta EAEkoa baino %16 gehiago. Guztira, hiriak 15.365 enpresa eta 18.037 establezimendu ditu (iaz baino 107 gehiago). Enpresa sare hori oso txikia da tamainaz; izan ere, %71,6k bi langile baino gutxiago dituzte.
Ekintzailetzari dagokionez, Jarduera Ekintzailearen Tasa (JET) %7,6koa da, eta nabarmentzekoa da ekintzaileen erdia baino gehiago (% 51,6) emakumeak direla eta %45,6k goi mailako ikasketak dituztela.
Sektoreka banatuz gero, aisia, turismo eta gastronomia jarduerek bilakaera positiboa izan dute. Aitzitik, txikizkako merkataritzak behera egiten jarraitzen du.
I+G eta Bioteknologia
Ezagutzako Zerbitzu Intentsiboek (SEIC) BPGaren %47,5a eta enpleguaren %35,4a biltzen dituzte. Ikerketa eta Garapenean (I+G) 396,6 milioi euro inbertitu dira, EAEko (%2,05) eta Europako (%2,2) batez bestekoak bikoiztuz. Estatuko hiriburuen artean, Donostiak du I+Gko enplegu intentsitate handiena (7.170 langile).
Bioteknologia da, bestalde, izarretako bat: 1.150 pertsonari ematen die lana eta 63,4 milioi euroko inbertsioa mugitzen du. Eremu tekniko honetan, emakumeen presentzia ia % 70ekoa da.
Erronka demografikoa
Demografiari dagokionez, Donostiak 190.144 biztanle ditu, lehen aldiz. Hazkunde hori soilik atzerriko biztanleen etorrerari esker lortu da; izan ere, etorkinik gabe, hiriak 268 pertsona galduko lituzke jaiotza tasa baxuagatik.
Zahartzea da, hortaz, egiturazko erronka nagusia: biztanleriaren %26,6ak 65 urte baino gehiago ditu. Horren eraginez, lan egiteko prest dauden pertsonen kopurua (biztanleria aktiboa) %2,6 murriztu da, eta ez aktiboek %5 egin dute gora.

