Hamabost kilometroko lasterketa solidarioak Anoetako estadio txiki berritua estreinatuko du
Salto 15K lasterketaren aurkezpena, Anoetako estadio txikiaren aurrean.Donostia Kirola Igandean, hilaren 25ean, 29. Salto 15K lasterketa solidarioa egingo dute, berdintasuna, inklusioa eta elkartasuna ardatz hartuta. 3.580 lagunek eman dute izena, hamabost eta bost kilometroko probetan banatuta. Aurten ere, Anoetako estadio txikia izango da helmuga, berritu ostean lasterkariek ere estreinatuko dutena.
Bestalde, lasterketak gizarte konpromisoa indartuko du Free to Run erakundearen eskutik. Izan ere, nazioarteko erakunde hori izango da dortsal solidarioaren onuraduna. Free to Run erakundeak korrika egitea erabiltzen du tresna gisa, munduko egoera zailenetan bizi diren emakumeen eta nesken genero-berdintasuna, lidergoa eta eskubideak sustatzeko.
Emakume gehiago
Salto 15K proban 3.050 lagunek hartuko dute parte 15 kilometroko distantzian, eta beste 530ek 5 kilometrokoan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, emakumeen parte hartzeak gora egiten jarraitzen du, eta izena eman duten guztien %40 baino gehiago dira dagoeneko. 5 kilometroko proban, gainera, emakumeak parte hartzaileen %60 dira, gizonen kopurua gaindituta.
Bestalde, inklusioak ere leku nabarmena izango du aurtengo edizioan: 240 roller, hamar handbiker eta mugikortasun urriko hiru lagun arituko dira. Parte hartzaileen batez besteko adina 38,8 urtekoa da, eta hogei herrialdetako korrikalariak bilduko dira Donostian.
Auzoz auzo
Kirol jardunaldia 09:30ean hasiko da, 5 kilometroko probako irteerarekin. Rollerrek 09:45ean ekingo diote lasterketari, eta handbikerrek, berriz, 09:55ean. 10:00etan emango zaio irteera 15 kilometroko proba nagusiari.
Ibilbidea homologatua, laua eta trafikoari itxia izango da. Madril hiribidetik abiatuta, parte-hartzaileek Donostiako erdigunea eta Gros, Antigua eta Amara auzoak zeharkatuko dituzte, Anoetako estadio txikian helmugaratu aurretik. Hala, hiriko hainbat gune ezagun igaroko dituzte korrikalariek.
Lehia estua
Ekain Larrea eta Javi Menta izango dira 15 kilometroko gizonezkoen kategoriako lasterketan arreta berezia mereziko duten korrikalarietako batzuk. Emakumezkoen kategorian, berriz, ordubetetik beherako marka egiteko hautagaiak izango dira hainbat atleta. Horien artean dago Maite Arraiza, 2018ko Salto 15K lasterketako irabazlea, eta iazko Donostiako Zurich Maratoiko garailea. Elena Silvestre ere lehiatuko da; probako garaipen gehien lortu dituen atleta da, lau garaipenekin. Hirugarren izen nabarmena Menorcako Alejandra Sanchez Massa da. Donostiako maratoian hirugarren postua lortu ondoren, lehen aldiz hartuko du parte Salto 15K lasterketan.
Gizonezkoen 5 kilometroko proban, iazko podiumeko hiru korrikalariak berriro lehiatuko dira: Unai Barrena, Arkaitz Irazusta eta Ekain Aguinagalde. Emakumezkoen kategorian, berriz, lehia irekiagoa izango dela aurreikusten da.

