La Cumbre 1936-2011 urteen arteko indarkeria politikoaren inguruko zentro bat izatea proposatu du udal gobernuak
Donostiako Udal Gobernuak mahai gainean jarri du Aieteko La Cumbre jauregian memoria gune bat garatzeko bere proposamena. Eraikinaren lagapena oraindik ez da gauzatu, adostu zutenetik lau urte pasatu badira ere.
Aieteko La Cumbre jauregiaren kanpoaldea.Joseba Parron San Sebastian “La Cumbren motibazio politikoko indarkeriari buruzko artxibo, ikerketa eta dibulgazio zentro bat sortzeko bidean aurrera egitea da proposamena, 1936-2011 urteen artean zentratua”. Hori da Donostiako Udal Gobernuak Aieteko jauregi ezagun horretan memoria gune bat garatzeko mahai gainean jarri berri duen proposamena. Udal gobernuak asteazkenean aurkeztu zuen bere proposamena, hainbat aditurekin garatutakoa, udaleko Giza Eskubideen Batzordean. Gunean artxibo eta ikerketa lanak egin ahal izatea aurreikusten ditu proposamenak, baita eremua hiriari eta herritarrei irekitzea ere.
Batzordean aurkeztutako dokumentua eskuratu ahal izan du IRUTXULOKO HITZAk, eta bertan jasotzen denez, “La Cumbrek lagundu egin behar du giza eskubideen urraketak ezagutzen, ikertzen eta biktimak aitortzen eta erreparatzen”. Horrela, 1936-2011 urte tartean jarri du fokua gunea memoria zentro bihurtzeko proposamenak, 36ko gerraren hasiera eta ETAren indarkeria armatuaren amaiera markatzen dituzten urteak direlako.
Hala ere, La Cumbreko etorkizuneko oroimen zentroak, proposamenak jasotzen duenez, “lagundu beharko du agerian jartzen, bereziki, segurtasun indarrek eta beste eragile publiko batzuek, edo erakunde publikoen babesarekin edo oniritziarekin partikularrek egindako giza eskubideen urraketak”. Ildo beretik, “gertakari horiek giza eskubideen urraketa larriak dakartzate, besteak beste, torturak eta tratu txarrak, derrigorrezko desagertzeak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, atxiloketa arbitrarioak eta pertsonen bizitzari eta osotasunari eragindako beste hainbat”, gaineratu dute, proposamenean.
Gunean artxibo eta ikerketa lanak egin ahal izatea aurreikusten ditu proposamenak, baita eremua hiriari eta herritarrei irekitzea ere
Proposamenak argi dio, halaber, La Cumbren ez dutela “biktimen artean hierarkiarik ezarriko”: “Funtsezko ideia batetik abiatzen da: giza eskubideen urraketa berdinari, biktimen errekonozimendu berdina dagokio”. Halaber, dokumentuan ohartarazi dute “etorkizuneko zentroaren izena oraindik behin-behinekoa” dela; beraz, baliteke guneak La Cumbre izena galtzea.
Gogoratu behar da La Cumbren torturatu zituztela Josean Lasa eta Joxi Zabala militante euskal herritarrak 1983an, Espainiako Gobernuko burua PSOEko Felipe Gonzalez zenean. Ondoren, Alacanten exekutatu eta kare bizian lurperatu zituzten Lasa eta Zabala eta haien gorpuak ez zituzten 1995era arte identifikatu. Estatu terrorismoaren kasu ezagunena da, Espainiako Estatuaren babesa zuen GAL erakundeak gauzatu baitzuen; besteak beste, Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko jenerala zigortu zuten kasuaren harira. Hain justu, udal gobernuaren proposamenak argi dio “La Cumbre gune bereziki esanguratsua” dela “giza eskubideen urraketa horiek ikusarazteko”, Lasa eta Zabalaren kasua aipatuz.
Ikerketa eta dibulgazioa
Donostiako Udal Gobernuak “artxibo, ikerketa eta dibulgazio zentro” gisa planteatzen du La Cumbre, “elkarri estu lotutako hiru funtzio”. Artxibo lanari dagokionez, guneak “motibazio politikoko indarkeriari buruzko dokumentazioa aurkitzen, zaintzen, antolatzen eta eskuratzen lagundu” ahal izango duela nabarmendu dute proposamenean, berriz ere, estatu eta polizia indarkerian fokua jarriz.
Halaber, “ikerketa espezializatuko funtzioa gara lezake” La Cumbrek, proposamenak jasotzen duenez: “Ikasketa berriak sustatuz eta unibertsitate, ikerketa zentro eta bestelako erakundeekin harremanak ezarriz”. Horrela, lan horrek guztiak “dibulgaziorako” ere balio beharko duela dio: “Erakusketa gunea, hezkuntza jarduerak, aldi baterako erakusketak, topaketak eta kultura jarduerak”.
La Cumbre, hamarkada luzez herritarrentzako erabat itxita egon den eraikina, “topaleku” izan behar dela dio udal gobernuaren proposamenak
Horrez gain, La Cumbre, hamarkada luzez herritarrentzako erabat itxita egon den eraikina, “topaleku” izan behar dela dio udal gobernuaren proposamenak. Jauregia bere ez ezik, lorategi oso handia du La Cumbrek eta hori “berreskuratzea” garrantzitsutzat jotzen du proposamenak: “Espazio herritarra sortuko litzateke, eta La Cumbre eta Donostiaren arteko harreman berri bat ezarri”.
Bestalde, zentroa abian jartzeko, “jauregia zaharberritu eta fisikoki egokitu” behar dela nabarmendu dute dokumentuan, baita erakundeen arteko elkarlana “funtsezkoa” izango dela ere. Halaber, udalak memoriaren arloko beste erakunde batzuekin ere “elkarlana” bilatuko duela dio proposamenak, baita behin betiko proiektuak “biktimen eta haien senideen ahotsa eta esperientzia” jasoko duela ere.
Lagapena, gauzatu gabe
Lau urte bete berri dira Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak Aieteko jauregi ezaguna udalaren esku gelditzea eta bertan memoria gune bat sortzea jaso zuenetik, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin hala adostuta. 2022koa da lege hori, eta, akordioaren arabera, urtebeteko epean pasatu behar zen La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara, hau da, 2023ko urrirako.
Akordioaren arabera, urtebeteko epean pasatu behar zen La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara, hau da, 2023ko urrirako.
Duela hiru urte egon beharko luke gauzatuta, beraz, lagapenak. Hori dela eta, Donostiako EH Bildu, udal gobernuak proposamena aurkeztu izanarekin eta motibazio politikoko indarkeria ikustarazteko zentro bat izan behar duela errespetatzearekin “pozik” agertu bada ere, “kritiko” agertu da orain arteko kudeaketarekin: “Lagapena gauzatzeko, lau urte behar izan dira, eta azken orduan eta presaka iritsi da proiektu hau. Lagapena bera arriskuan dagoenean”. Hain zuzen ere, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PP eta Vox gobernura iritsiz gero, aukera izango lukete legea bera eta lagapena bertan behera uzteko.
“Proiektua modu adostuan eta denborarekin egin ordez, ekarpenak patxadaz egiteko denborekin; korrika eta presaka egiten ari da. Gai sentikorra eta sakona da. Alderdi politikoen, eragileen eta senideen ekarpenak ondo jaso eta adostu behar dira”, gaineratu du EH Bilduk, baita gogorarazi ere udal hauteskundeak ere ate joka daudela —2027ko maiatzean izango dira—: “Udal legealdiaren azken urtean gaude, eta atzerapenak medio, La Cumbren gauzatuko den proiektua hurrengo udal gobernuak kudeatuko duelako ere bada garrantzitsua une honetan kontsentsuaren oinarria ahalik eta zabalena izatea”. Horregatik, “inportanteena orain lagapena lehenbailehen gauzatzea” dela nabarmendu dute.
Hurrengo astean, Giza Eskubideen Batzorde berezia egingo du udalak, proiektuari buruzko zalantzak eta ekarpenak jasotzeko. Proiektuaren egilea bertan egongo da, eta EH Bilduk “ezinbestekotzat” jo du batzordean Egiari Zor fundazioa eta biktimen senideak ere egotea, “haien ekarpenak eta iritziak jasotzeko”. Hain zuzen ere, hainbat elkarte memorialistek eta Lasa eta Zabalaren senideek La Cumbren garatzeko proiektu bat aurkeztu zuten 2024an.

