Artea eta paleontologia San Telmo museoan, Mauricio Antonen eskutik
'Homo antecessor'-a berregiteko urratsen collagea.Mauricio Anton Mauricio Antón: artea eta paleontologia aldi baterako erakusketa inauguratu du Donostiako San Telmo museoak paleoartista bilbotarraren ibilbide profesionalari eskainitakoa. Erakusketa San Telmo museoak antolatu du eta Madrilgo museo arkeologiko eta paleontologikoak ekoitzi du. 2027ko otsailaren 21era arte egongo da ikusgai. Erakusketaz beraz gain, zenbait bisita gidatu eta bestelako jarduera osagarri antolatu ditu San Telmo museoak; hemen kontsultatu ditzakezue.
Mauricio Anton ilustratzaile zientifikoaren olio pintura, marrazki originalak eta formatu handiko erreprodukzio digitalak biltzen ditu erakusketak, museoak azaldu duenez: “Ikerketa paleontologikoetako proiektuetan, erakusketetarako lanetan eta aldizkarietan edo liburuetan argitaratutako ilustrazioetan egindako kolaborazioen aukeraketa bat da. Berreraikitze prozesuari buruzko atal batere eskaintzen da, zientziaren eta artearen arteko erdibidean, marrazki paleontologiko hauek egiteko ezinbestekoa”.
Halaber, San Telmo museoan nabarmendu du Mauricio Anton “mundu osoan gehien ezagutzen den paleoartistetako bat” dela: “Antonek berak ‘paleoarte’ izenez ezagunagoa den ilustrazio paleontologikoko bere lana honela definitzen du: ‘iraganeko bizimoduei buruzko hipotesi zientifikoak irudietan islatzea. Hala ere, lan horrek bi indar kontrajarriren arteko pultsua eskatzen du: alde batetik, datuekiko arreta zorrotza eta, bestetik, irudimena, ezinbestekoa baita erregistro fosilaren hutsuneak betetzeko, aberatsa bezain ezinbestean osatu gabea baita'”.
Horrela, mesozoikoaren bizitzari buruz, dinosauroei eta iraungitako beste animalia batzuei buruz ilustratzaileak egindako lehen lanekin irekitzen da erakusketa. Ondoren, “paleoartista baten lan prozesuan sakontzeko”, museoaren hitzetan, aurretiko berreraikitze metodoaren urratsak azaltzen eta ilustratzen dira. Hortik aurrera, aurkeztutako gainerako lanak bi ataletan banatzen dira: fosilak eta animalia biziak eta familia kontuak: giza bilakaera, iruditan, gizakitik hurbilen dauden ahaideen berreraikuntzekin.

