Auzoa josteko helburuz, Amara Berri Eguna ospatuko dute
Jaia bihar aurrera eramango dute Aitzol parkean; baina euria eginez gero, Olaeta plazako Amara Berri ikastetxearen eraikinera lekualdatuko dute.
2021eko Amara Berri Eguneko irudi bat.Oihane Arretxea Aitzol parkean egingo dute bihar, hilak 24, Amara Berriko Eguna. Egitaraua 10:00etan hasiko dute eta, adin guztiei bideratutako jarduerak, dantza eta musika eskaintza 14:30era arte luzatuko da. Euria eginez gero, festa Olaeta plazako Amara Berri ikastetxearen eraikinera lekualdatuko dute.
Ordutegia zehaztu ez badute ere, goizean zehar emanaldiak egingo dituzte honako taldeek: Goratzar abesbatza, Marsel magoa, Biurrun Musika Eskola, Banbu Dance eskola, Larrun eskolako haur kantariak, Mongoliako kanta eta dantza talde bat, Gure Egunsentia jubilatu elkarteko yoga denontzat eta Amara Berriko Euskal Dantza Taldea. Horiez gain, Udal Txistulari Banda, Amara Berriko erraldoi eta buruhandiak eta Ikasbideko dultzaineroek auzoko kaleak girotuko dituzte.
Amara Berri Auzo Mahaiak antolatutako jaia auzoko elkarteen festa da. Euren eguneroko lana auzotarrei ezagutarazteaz gain, espazioa, harremanak eta konplizitateak ere partekatzen dituzte. Izan ere, egitasmoaren xedea bizilagunak eta auzoko elkarteak batzea da, azken horien lana ezagutaraziz eta amaratarrak haietan parte hartzera animatuz. Aurten, “Nola hobetu Amara Berri?” galdera dute ardatz, auzotarren lankidetza eta auzo komunitatearekiko konpromisoa sustatzeko helburuz.
Hogei elkartek baino gehiagok parte hartuko dute biharko ospakizunean. Batzuk aipatzearren, Amara Berri Auzo Elkartea, Amara Berri Kirol Elkartea, Amara Berri Guraso Elkartea, Aterpe-Cáritas, Berritsu euskara batzordeak, Gure Egunsentia jubilatu elkartea, AEK eta Urrats euskaltegieak edota Ongi Etorri Eskolara.

