Eguzkiari irabazi
Klik-klak.Joseba Parron San Sebastian Sare sozialetan milioika jarraitzaile dituzten Llados estiloko ke saltzaileek, beste hainbat ergelkeriaren artean, «eguzkiari irabazi» egin behar zaiola esaten dute, gizonkeria harroputzez. Hau da, eguzkia atera baino lehen altxatu behar zarela ohetik, «zeure burua lantzeko»; hots, burpee-ak egiteko, korrika egitera joateko edo dena delakorako. Baina, ez, eguzkiari ez diozu irabaziko goizeko bostetan altxatu eta kirola egiteagatik. Eguzkiak Aiako Harritik ateratzen eta Igeldotik ezkutatzen jarraituko du.
Donostian asko entzuten dira «beti izan da horrela» esaldiaren modukoak: «Etxebizitza beti izan da garestia», «beti egon da turismoa», «beti izan da horrela»… Baina, ez, «beti» horiek erabaki jakin batzuen ondoren iritsi dira. Eta erabaki jakin batzuekin aldatu daitezke.
Ezer ez dela «beti» modu batera edo bestera izan, eta dena aldatu daitekeela. Onerako edo txarrerako, baina dena.
Bueno, bada zerbait aldatuko ez dena, ezta hasierako ke saltzaile horiek ahaztu, eta batzuek «eguzkiari irabazteari» uzten diotenean ere. Eguzkiak Aiako Harritik ateratzen eta Igeldotik ezkutatzen jarraituko du, baita aurrean erabat aldatutako Donostia bat duenean ere.

