Gurutze Aldeko irisgarritasuna hobetzeko lanei datorren astean ekingo die udalak
Kale horretako 11 eta 16 atarien arteko inguruan egingo dute esku hartzea.Donostiako Udala Udalak oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzeko jarduketa bat gauzatuko du Aieteko Gurutze Alde etxaldeetan, zehazki, 11. eta 16. atarien inguruan. Eraikinetan sartzeko egungo eskailerak kendu eta oinezkoentzako arrapala sistema bat jarriko dute, mugikortasun urriko pertsonei, adinekoei eta haur kotxeekin dabiltzan familiei joan-etorria errazteko. Lanak urriaren amaieran hasiko dituzte eta lau bat hilabeteko iraupena izango dute, 2027ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten dute. Esku-hartzeak 145.879,70 euroko inbertsioa izango du, BEZa barne.
Bi fasetan egingo dituzte lanak, bata bestearen atzetik, auzokideei eragindako kalteak ahalik eta gehien murrizteko. Hala, lehenik, 11-14 atarietan ariko dira. Horretarako, 12. eta 13. blokeen artean dauden eskailerak kenduko dituzte eta beheko espaloia goiko atondoarekin lotuko duen arrapala nagusi bat eraikiko dute, % 8ko maldarekin. Puntu horretatik abiatuta, lorategi-eremuan barrena beste bi arrapala egingo dituzte: bata 11. eta 12. atarietara iristeko, eta bestea 13. eta 14. atarietara sartzeko.
Gainera, obrek eragindako argiteria hodiak berrituko dituzte, eta luminaria berri bat jarriko dute 12. eta 13. blokeen arteko arrapala nagusian, inguruko argiztapena eta segurtasuna hobetzeko. Hobekuntza hori auzotarrek helarazitako eskaera nagusietako bati ere erantzuteko egingo da. Era berean, lorategietako eremuetako drainatzea hobetu eta obrek eragindako espaloiko zoladura berrituko dute.
Bigarren fasean, berriz, 15. eta 16. atarietarako irisgarritasuna hobetuko dute. 14. eta 15. blokeen artean dauden eskailerak kenduko dituzte, eta 15. eta 16. zenbakietara iristeko oinezkoentzako arrapala berri bat eraikiko dute. Bigarren jarduketa hori txikiagoa izango da, eta baranda berriak eta luminaria bat ere izango ditu, joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen.
Mantentze eta Hiri Zerbitzu zinegotzi Iñigo Garciak nabarmendu duenez, “auzoetan arkitektura oztopoak kentzeko lanean jarraitzen dugu, Donostia gero eta hiri irisgarriagoa izan dadin. Horrelako jarduketak funtsezkoak dira, zuzenean hobetzen baitute bizilagunen eguneroko bizitza, bereziki mugitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonena”.

