Hiribide batek nola marraztu zuen Donostia berria
Kontxatik Santa Katalina zubira doan bide zuzen bat baino askoz ere gehiago da Askatasunaren hiribidea: Donostia modernoaren ardatza eta azken mende eta erdiko gorabehera politikoen ispilua. Urteetan zehar, lau aldiz aldatu zuen izena.
Autoak eta gurdiak Askatasunaren hiribidean, 1925 inguruan.Gregorio Gonzalez Galarza Egunero, milaka pertsona gurutzatzen dira Askatasunaren hiribidean. Berez, bide zuzen bat baino ez da: Kontxatik Santa Katalina zubiraino doazen bostehun metro eskaseko galtzada zabal bat. Baina kale honek soilik kontatzen du Donostia nola pasa zen herri harresitu txiki bat izatetik hiri moderno bat izatera.
Harresiei agurra
1863ra arte, Donostia harresi militarren barruan itota bizi zen, gaur egungo Parte Zaharrera mugatuta. Hazkunde demografikoak eta modernizatzeko premiak herriari bere defentsak eraisteko eskatzera bultzatu zuten, eta erabaki historiko horrek Isabel II.a Espainiako erreginaren babesa izan zuen.
Harresiak eraitsi eta hondakin bihurtuta, udalak lehiaketa publiko bat deitu zuen hiriaren hedapena diseinatzeko, eta Antonio Cortazar udal arkitektoa atera zen garaile, Porvenir —Etorkizuna— proiektuarekin.
Cortazarrek, Parisko estiloari jarraituz, hiri arrazional eta laukiduna proiektatu zuen, Erdi Aroko kalezuloekin errotik apurtzen zuena. Lauki sare horren erdigunean, arkitektoak bide zabal bat marraztu zuen, Donostia berriaren kale nagusia izateko sortutako bulebar zuzen handi bat. Eta argia zen kale haren helburua: Kontxako badia eta Santa Katalina zubia lotzea.
Kale izendegia, politikoa
Hiribidearen arkitekturak burgesiaren eta belle époque garaiaren distira ekonomikoa islatzen badu ere, erregimen aldaketa bakoitzak bere arrastoa utzi zuen kaleko izkinetako plaketan.
Inaugurazioan, kalea Isabel II.a Erreginaren hiribidea izenarekin bataiatu zuten, harresiak eraistea baimentzeagatik monarkari eginiko esker oneko keinu gisa. Hala ere, omenaldiak gutxi iraun zuen: erregina tronutik kendu eta erbesteratu zuen 1868ko Iraultzaren eztandarekin, —La Gloriosa izenez ezaguna— garaiko izpiritu liberalak Askatasunaren hiribidea izena jartzera eraman zuen.
Izendapen horrekin, kaleak bere urrezko garaia bizi izan zuen, Gipuzkoako finantza gune eta goi mailako gizartearen pasealeku nagusia baitzen. Baina 36ko gerraren eztandak eta diktadura frankistaren ezarpenak ordena berri bat inposatu zuten kale izendegian: erregimenak hiriko bide nagusiari Espainiako Hiribidea deitzeko agindu zuen. Ia lau hamarkadatan zehar, donostiarren garaiko belaunaldiak Espainiako hiribidean paseatzen hazi ziren.
Trantsizioaren etorrerarekin eta 1979an lehen udal demokratikoa eratzearekin batera, hiriak kaleak bere finkatze garaian izandako izen historikoa berrezartzea erabaki zuen: bideak Askatasunaren hiribideko plakak berreskuratu zituen. Hiribidearen izena eta askatasuna.
Loredun txoko txikia
Gaur egun, oraindik ere, entzuten zaio garaiko bati baino gehiagori kale nagusiari «Espainiako hiribidea» deitzen. Zentzua du, urte asko izan zirelako izen horrekin kalea zeharkatu zutenak, eta zentzua du, baita ere, izen horren arrastoak eta izenak berak jarraitzen duelako hirian, birmoldatuta bada ere. Hartu du hiribidearen amaiera eta jarri dizkiote loreak. Santa Katalina zubiaren aurreko lorategi txiki bat da, gaur egun, Espainiako plaza.
Batzuetan, iraganeko garairik ilunenak txoko berde eta diskretu batean ezkutatuta geratzen dira. Asfaltoa berritu eta kaleetako plakak aldatu arren, hiriak ez baitu bere memoria guztiz ezabatzen; bazter batean gordetzen du.

