Isiltasuna hautsi duen oihua
'NAZA' filmeko fotograma bat. Zuzendaria: Yuval Abraham eta Rachel Szor.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Heriotza bat tragedia da; ehunka heriotza, berriz, kalkulu militar baten ondorio izan daitezke. Premisa deseroso horretatik abiatzen da NAZA, Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrek zuzendutako lan dokumentala, Gazako erasoaldian erabilitako helburu militarrak hautatzeko prozedurak eta zibilen heriotzak baimentzeko mekanismoak ikertzeko. Identitatea ezkutatuta, protagonistek barrutik azaltzen dute nola bihurtzen den giza bizitza erabaki operatibo baten aldagai.
Gerra ez da leherketen eta suntsitutako eraikinen irudietara mugatzen. Bonbardaketez gain, erabaki sistema oso bat dago atzean: helburu militarrak nork aukeratzen dituen, zer informazio erabiltzen den, zibilen heriotzak nola neurtzen diren eta indarkeria zer hizkeraren bidez justifikatzen den. Horri begiratzen dio NAZA dokumentalak; zuzendariek Israelgo armadako 24 militar eta inteligentzia agenteren lekukotzak bildu dituzte, Gazako genozidioaren funtzionamendua barrutik aztertzeko.
Filmak ez du gerraren ikuspegi panoramiko bat eraiki nahi. Ez ditu borrokaren irudi ikusgarriak lehenesten, ezta hondamendiaren tamaina irudien pilaketaren bidez erakutsi ere. Soiltasunaren aldeko hautua egin du. Gauez grabatutako elkarrizketak, argi urria eta lekukoen anonimotasuna dira kontakizunaren ezaugarri nagusiak. Aurpegiak bigarren planoan geratzen dira, eta hitzak hartzen du protagonismoa. Erabaki militarren atzean dauden ahotsak jartzen ditu erdigunean, eta galdera deseroso bat planteatu: zer gertatzen da zibilen heriotzak, saihestu beharreko ondorio izan beharrean, kalkulu militarren barruan onartutako kostu bihurtzen direnean? Izan ere, zibilen sufrimendua zenbakietan, probabilitateetan edo erabaki operatiboetan txertatzen denean, hizkerak berak ere badu erantzukizunik…
Izenburuak berak laburbiltzen du logika hori. Izan ere, NAZA akronimoa kalte kolateralak izendatzeko erabiltzen da. Filmaren arabera, Israelen Defentsa Indarrek (IDF) helburu militar bakar bat hiltzeko operazio batean hamabost zibil hilko direla aurreikusten badute, hildako horiek hamabost NAZA gisa zenbatzen dituzte. NAZAk, gainera, ez du helduen eta haurren arteko bereizketarik egiten. Hala, pertsonen heriotza kalkulu militar baten barruan sartzen da, eta giza bizitzaren balioa zifra huts bilakatu.
Bada, gizatasunaren alderik makurrena azaleratzen dute, galdera horri erantzuna emateko saiakeran-edo, pantailan kateatzen dituzten testigantzek. «Bideo joko baten modukoa da», dio batek. «Oso dibertigarria da», besteak. «Misio bat betetzen duzu, eta poztu egiten zara, eta gero beste misio bat…». Adimen artifizialaren laguntzaz egiten dituzte erasoak, eta militarrek beraiek aitortzen dute kide bakar bat hiltzeko operazioetan 200 edo 500 zibilen heriotzen arduradun izana.
Harrigarriki —edo ez—, haiek ere onartzen dute errealitatea: «NAZA deitu arren, Gazako biztanleak nahita hiltzea da».

