Pasealeku Berria itxi dute, itsasaldeko arriskuagatik
Pasealeku Berria.Maddi Viana Donostiako Udalak jakinarazi duenez, alerta laranja ezarri dute ostiral honetako (hilak 23) 10:00etan, “itsasaldeko arriskuagatik”. Alarma hori larunbateko (hilak 24) 10:00ak arte egongo da indarrean momentuz, eta, hori dela eta, udalak Pasealeku Berria itxi du, alerta laranja kendu arte.
Zehazki, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat itxi ditu udalak Salamanca pasealekua eta Pasealeku Berria, eta ibilgailuentzako desbideraketa Soraluze kaletik Aldamar kalera ahalbideratu du. Bestalde, Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia ere itxi egin ditu, baita Santa Klara uharteko garraio eta bisita zerbitzua bertan behera utzi ere. Horrez gain, “ingurune urtarrera sartzen diren pertsonek beren erantzukizunpean” egingo dutela ohartarazi du udalak.

