Babacar Wellerentzat «justizia» aldarrikatu dute Donostiako kaleetan
Babacar Welle Hondarribiako udaltzain batek tiroz hil zuen irailean, kaleko liskar batean. "Arrazakeria instituzionala" salatu dute manifestariek.
Bulebarretik Easo plazara joan da Babacar Welleren omenezko manifestazioa.Donostiako Asanblada Antiarrazista Donostiako Asanblada Antiarrazistak deituta, Babacar Welleren hilketa salatu, eta harentzat “justizia” eskatzeko mobilizatu dira hainbat pertsona Donostian, igande honetan (hilak 25). 12:00etan abiatu da manifestazioa, Bulebarretik, eta Easo plazan bukatu da, Justizia Babacarrentzat. Stop arrazakeria poliziala lelopean. Donostian ez ezik, Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan ere mobilizatu dira herritar ugari, mugimendu antirrazistak deituta.
Welle Hondarribiako udaltzain batek tiroz hil zuen irailean, kaleko liskar batean, ustez, ertzain bati labana batekin eraso egingo ziolako. 46 urte zituen Wellek eta jatorri senegaldarrekoa zen; hain zuzen ere, “arrazakeria poliziala” salatu zuen Hondarribiko komunitate senegaldarrak.
Horixe bera salatu dute igande honetan Donostiako kaleetan ere: “Ez da kasualitatea pertsona beltz bat poliziarekin harremanetan jartzen denean, berdin du udaltzaina, ertzaintza edo Espainiako polizia den, bortxatuta edo eraila amaitzea”. Era berean, horrek “arrazakeria instituzionalari” eta horrek sustatzen duen “deshumanizazioari” erantzuten diola salatu dute.
“Poliziak, zigorgabetasun osoz, Babacar kendu digu, berreskuratu ezin den bizitza”, gaineratu dute antirrazistek: “Zigorgabetasun hori baliatuz, saiatuko dira gu konbentzitzen erotuta zegoela, arriskutsua zela, hiru aldiz tiro egitea beste aukerarik ez zegoela, okerreko lekuan zegoela. Polizia, estatua eta komunikabideak hilketa arrazista hau ezinbesteko heriotza bihurtzen saiatuko dira”, ohartarazi dute. Horren aurrean, Wellerentzat justizia aldarrikatu dute, baita arrazakeriarekin bukatzeko borrokatzera deitu ere.


