«Herri gisa jauzi egitera» deitu du Gure Eskuk Donostian: «Zazpi jauziz, herri bat»
Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean dantzatu dira hamarnaka herritar, 'Zazpi Jauziz, herri bat' lelopean. Donostian, Parte Zaharreko Plaza Berrian egin dute egitasmoa.
Plaza Berrian egin dute 'Zazpi Jauzi' dantza hamarnaka herritarrek, Gure Eskuk antolatuta.Beñat Parra Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak antolatuta, hamarnaka herritar bildu dira igande eguerdian Donostiako Parte Zaharreko Plaza Berrian, Zazpi Jauziz, herri bat egitasmoan parte hartzeko. Hain zuzen ere, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean egin dute zazpi jauzi dantza —Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donostian, Baionan, Donibane Garazin eta Maulen—, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde.
Donostian, Plaza Berriko erlojuak 12:00etako kanpaina jo bezain laster jo dituzte txistulariek lehenengo notak, eta hiru borobil handitan dantzatu dira plazan bildutako herritarrak, giro ederrean. Zazpi jauziak osatuta, Gure Eskuren manifestua irakurri dute plazan Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetari eta filosofoak.
Euskal Herriaren eta euskararen historiaren errepaso azkarra egin dute lehenik, Sorioneku-tik hasita gaurko eguneraino, Orreagatik, Amaiurko gaztelutik, Etxeparetik, Axulartik, Xahotik, Aranatik, Zipitriatik eta Txillardegitik pasatuta, besteak beste. Mezu argi batekin: “Zuek, guk, denok, milaka euskal herritarrek diogu: izan direlako gara, eta garelako izango dira!”.
Era berean, Euskal Herriaren komunitate eta herri izaera nabarmendu dituzte: “Milaka lagun, herri bat erakusten, gurea, Euskal Herria. Milaka lagun, komunitatea egiten, herria egiten”. Ildo horretatik, “dantza transmisioa da”, gaineratu dute: “Dantzak belaunaldien arteko lotura sendotzen du; dantzak lurraldeen arteko harremana biziberritzen du. Dantzaren bidez herria egiten dugu”.
Herri gisa jauzi egin
Horrela, Euskal Herriak “herri gisa jauzi bat” egin behar duela aldarrikatu du Gure Eskuk: “Euskararentzat ere etorkizuna irabazteko”, “euskal lurraldeen arteko kohesioa indartzeko”, “nazio aitortzarako” eta “burujabetzaren bidean aurrera egiteko”. “Erronka itzelak ditugu etorkizunari begira: bilakaera demografikoa, klima aldaketa, eredu energetikoa, etxebizitzaren arazoa, adimen artifiziala… Euskal herritarrok erronka horiei gure errealitatetik abiatuta erantzun nahi diegu, erabakiak hemen hartuta eta gainerako herriekiko elkartasunez. Eta horretarako, burujabetza esparru eta tresna gehiago behar ditugu”, gehitu dute.
Ildo beretik, etorkizunari itxaropenez begiratzera deitu dute Gure Eskukoek: “Etorkizunez beteriko herria gara. Konfiantza osoa dugu aurrera egiten asmatuko dugula, zailtasun, arrisku eta mehatxuen gainetik. Eta jauzika egingo dugula bide hori betiko formula erabiliz: konpromisoa, elkarlana, ardura, ausardia eta herri ikuspegia”. “Zazpi jauziz, herri bat. Egin dezagun jauzi herri gisa. Gure konpromisoa garbia da: izan direlako gara eta garelako izango dira”, gaineratu dute.
Jarraian, Donostiako ekitaldiko irudi bilduma ikus dezakezue:

