Baso suteen aurrean prebentzioa da neurririk eraginkorrena
Suteei aurre egiteko eta haiek prebenitzeko informazio eta sentsibilizazio kanpaina jarri du abian udalak.Donostiako Udala Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren eta Herri Babesaren bitartez jarri du Donostiako Udalak informazio eta sentsibilizazio kanpaina abian, “suteak prebenitzearen eta horien aurrean jardutearen garrantziaz ohartarazteko”. Hala, herritarrei gomendio praktiko batzuk helarazi nahi dizkio udalak, arrisku egoerak murrizteko eta larrialdia jazo ezkero zer egin jakiteko.
Baso suteen aurkako neurririk eraginkorrena prebentzioa dela ziurtatu du Martin Ibabe Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotziak, eta gaineratu du herritarrei informazio erabilgarria eta erraza helarazi nahi dietela, larrialdi batean arriskua murrizteko eta “erantzuteko gaitasuna hobetzeko”. “Guztion entzukizuna da gure ingurune naturala eta bertan bizi diren edo hartaz gozatzen duten pertsonak babestea”, nabarmendu du zinegotziak.
“Arrisku handiko aldia” Donostian irailaren 15etik apirilaren 15era luzatzen dela azaldu du udalak –beraz, hiria “arrisku handiko aldian” dago orain–, hilabete horietan klima lehorragoa izan ohi delako, eta, ondorioz, haize bolada handi eta beroak ematen direlako.
Udalak gogorarazi du azken urteotan baso suteek gora egin dutela. Espainian, adibidez, sute bakar batek 50.000 hektarea kiskali zituen, eta Frantzian jazotako beste sute batek 42.ooo hektarea. Bertan halakorik ez jazotzeko, prebentzioaren garrantzia nabarmendu du udalak eta haren webgunean larrialdietako aholkuak eskegi ditu.


