Janus Lesterrek Antzoki Zaharrean estreinatuko du 'Popera' lan berria
Janus Lester artista.Andoni Beristain Musika eta zinema elkartu ditu Janus Lester taldeak Popera lan berrian, eta film musikal gisa estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean, azaroaren 26an. Hau da, disko osoa lehen aldiz entzun eta filma pantaila handian ikusteko aukera eskainiko dute. Sarrerak urriaren 27an jarriko dituzte salgai 11:00etatik aurrera, Donostia Kulturaren webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
Popera lanak bestelako bizitza bat irudikatzeko gai ez den pertsona baten bidaia kontatzen du. Bidean topatzen dituen pertsonek ustekabeko norabidea emango diote ibilbideari. Haiekin bizitakoak ezagunari beste begi batzuekin begiratzera eramango du: ziurtasunak zalantza bihurtuko dira, eta ordura arte ikusten ez zituen aukerak agertzen hasiko dira.
Kantuak eta irudiak aurrera doazen heinean, protagonistaren bilaketa beste pertsonen bizitzekin gurutzatuko da. Harreman horietan jarriko du filmak arreta, irudimenak guregan zer eragin dezakeen arakatzeko. Izan ere, batzuetan, norbaitekin topo egitea nahikoa da ordura arte ezinezkoa zirudiena beste era batera ikusten hasteko.
Aitor Arangurenek zuzendu eta muntatu du filma, Jokin Pinatxo eta Edurne Azkarateren sormen zuzendaritzarekin eta Mugaren ikus-entzunezko ekoizpenarekin. Euskaraz da filma eta ez du azpititulurik. Jokin Pinatxo abeslari eta gidaria bera izango da emanaldi bereziaren aurkezlea.

