«Jendeak Zinemaldiari dion estimua ikusteak poztasuna ematen dizu hartan lan egiten jarraitzeko»
1988an hasi zen Santesteban Donostiako Zinemaldian lanean, eta 1997an hartu zuen prentsa arduradunaren kargua. Hartan egin du orain arteko bidea, eta egindako lan guztiaren aitortza gisa, Espainiako Zinema Akademiaren Komunikazio Saria eman diote aurten.
Koro Santesteban Donostiako Zinemaldiko prentsa arduraduna.Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia Elkarrizketarako hitzartutako ordua baino minutu gutxi batzuk lehenago, Donostiako Zinemaldiko zenbait datu errepasatzen ibili da Koro Santesteban jaialdiko prentsa arduraduna (Donostia, 1964), beste lankide batekin batera. Ez dago ohituta elkarrizketatua izatera, bera izan baita orain arte kazetarientzat elkarrizketak lotzen ibili dena. Horregatik, aitortu du «urduri» dagoela, eta eman beharreko datu garrantzitsuak aurretik errepasatzeak «lasaitu» egiten duela.
Zinemaldiko estres guztia pasatu al zaizu?
Bai, okerrena pasatu da, baina oraindik gelditzen da egiteko lanik. Materiala bidaltzen jarraitu behar dugu, eta aurtengo aldiaren balorazioa egin; izan ere, oso garrantzitsua da jendeak esan duena kontuan hartzea, hurrengorako zer hobetu dezakegun jakiteko. Hemendik aste gutxira hartuko ditut oporrak, eta orduan hartuko dut atseden.
Nolatan hasi zienen Donostiako Zinemaldian lanean?
Kasualitatez izan zen. Londresen egin nuen egonaldi batetik itzuli, eta uda horretan izebak esan zidan jaialdia prentsa departamentu bat osatzen ari zela, eta jendea kontratatu nahian zebiltzala. Aurkezteko esan zidan, eta hala egin nuen. Viktoria Eugenia antzokira joan nintzen, Zinemaldiak han baitzuen egoitza garai hartan, eta hantxe egin nuen proba, Genoveva Gastaminzarekin, hedabideen orduko arduradunarekin.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.

