Ordenagailu kuantikoa ezagutzeko bisitak antolatu dituzte Zientzia Astearen barruan
IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa. Zientzia Astea aurrera eramango dute, azaroaren 3tik 6ra bitartean, eta horrekin bat egiten, IBMren System Two ordenagailu kuantikoaren azpiegiturak ateak irekiko dizkio herritarrei. Horri esker, ordenagailu kuantikoaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko eta teknologia konplexu horretara “modu ulergarri eta hurbilean” gerturatzeko aukera izango dute.
Lehen urteurrena bete eta egun gutxira, Ikerbasqueren eraikinean barrena egingo duten ibilaldian, bisitariek ordenagailu kuantikoaren ezaugarri nagusiei, azpiegiturari, erabilerari eta izan ditzakeen aplikazioei buruzko informazio orokorra jasoko dute. Era berean, ordenagailuaren nukleoa goitik ikusiko dute eta zientzia kuantikoaren bilakaerari buruzko zenbait zertzelada historikoren berri izango dute.
Gainera, ordenagailu kuantikoaren ezaugarriak hobeto ulertzen laguntzeko, Ikuspegi Kuantikoak dibulgazio instalazioa ere ikusgai izango da bidean. Tabakalerak 2025ean sustatutako proiektua da, eta fisika kuantikoaren funtsezko kontzeptuak esploratzeko aukera eskaintzen du, eduki didaktiko, ikus entzunezko eta narratiboen bidez.
Bisitan parte hartu nahi dutenek Basque Quantum webguneraren bidez egin dezakete eskaera. Sarrera mugatua da.

