Kirol egokitua sustatzeko batu dira Donostiako Atletiko, Gautena eta Salto
Donostiako Atletikoren, Gautenaren eta Salto fundazioaren kirol egokitu eta inklusiboko programaren aurkezpena.Beñat Parra Donostiako hiru eragilek indarrak batu dituzte, hirian kirol egokitua sustatzeko: Donostiako Atletiko klubak, Salto fundazioak eta Gautena autismoa duten pertsonen familien elkarteak. Hain zuzen ere, egitasmoa aurkeztu dute gaur, hilak 27, Donostiako Atletikoren egoitzan.
Arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, “kirol egokitu eta inklusiboa sustatzea” da egitasmoaren helburua, “pertsonen bizi kalitatean benetako inpaktua sortzeko eta kirol eredu irisgarriago eta integratzaileago baterantz aurrera egiteko”. Hain zuzen ere, “gure ustez, kirola denon eskubidea da”, nabarmendu du Donostiako Atletikoko Alex Mendiburuk: “Klubean, falta zitzaigun kirol egokituko saila, eta, gertutasunagatik, Gautenarekin jarri ginen harremanetan”.
Horrela hasi zen proiektua, eta, 2025etik, Gautenako hainbat erabiltzaile egunero doaz Donostiako Atletikoren instalazioetara, astelehenetik ostiralera, bi orduz, klubak lantzen dituen kiroletan aritzera, “esperientzia pilotu gisa”, arduradunek azaldu dutenez: “Denetarik probatzea da asmoa, eta, pixkanaka, espezializatzen joatea”, Mendibururen hitzetan. Hain zuzen ere, Gautenako arduradun Imanol Rodriguezek adierazi du “sekulako aukera” dela proiektua beraientzat, “kirolerako eskubidea bermatzeko”: “Erabiltzaileak zein familiak oso gustura etortzen dira”.
Bestalde, Salto fundazioaren babesarekin, are gehiago indartu da egitasmoa, izan ere, ildo beretik egiten du lan fundazioak, Javier Roquero arduradunak nabarmendu duenez: “Proiektuak bat egiten du gure balioekin. Hiru programa nagusi ditugu fundazioan, eta horietako batean, kirol klubekin elkarlanean aritzen gara, klubak laguntzeko desgaitasunak dituzten kirolarientzako eskaintza mantentzen, kirola eta jarduera fisikoa denontzat eskuragarriak izan daitezen”. Bide horretan ari dira indarra egiten aipaturiko hiru eragileak.



