XXI. Feministaldiak etxebizitzaren auzia «haratago» eramango du
XXI. Feministaldia aurkeztu dute. Feministaldia Eh! Txe txe! lelopean dator aurten XXI. Feministaldia, etxebizitzaren auziari so eginez. Lehen gauzainak astintzen zituela giltzak azaldu dute, herriak gauero jakin zezan babestuta egingo zuela lo. Gaur, ordea, herriak astintzen ditu giltzak, gaineratu dute, bizitza duin bat aldarrikatzeko: “Etxe bat edukitzearen eta etxe horretan bizi ahal izatearen aldeko aldarria; gure auzoetan bizitzearen aldeko oihua, eh! txe txe!“.
Etxebizitzaren auzia “haratago” eramango dutela ere nabarmendu dute, izan ere, etxe barruko ekoizpen lanak, auzoak arkitektura sozialaren ikuspegitik pentsatzeko saiakerak, etxeko langileen borrokak, etxeen paretak egin eta desegiteko proposamenak ere landuko dituzte.
Datorren hilean antolatu dute, azaroaren 3an hasiko da, eta azaroaren 7ra arte egunero antolatu dute egitaraua. Ondoren, azaroaren 18an itzuliko da Donostiara Feministaldia, Tabakaleran egingo duten epilogo bereziarekin.
Elkartzeko, eztabaidatzeko, konspiratzeko, imajinatzeko eta praktikatzeko espazioak sortzeari eman diote garrantzia, hala, ikastaroak, hitzaldiak, lantegiak, performanceak, mahai inguruak, elkarrizketak eta kontzertuak ere antolatu dituzte. Egitarau osoa Feministaldiaren sare sozialetan zabaldu dute.
Emanaldietarako sarrera doakoa izango dela iragarri dute, edukiera bete arte. Halaber, lantegietan parte hartzeko izena eman behar da, eta azaroaren 18ko galara joateko gonbidapena beharko da, Donostia Kulturaren webgunean edo fisikoki Antzoki Zaharrean edo Feministaldian zehar.

