Zortzi artistek piztuko dute dantzalekua Musgo musika elektroniko jaialdian
Musgo jaialdiaren kartela.Musgo Datorren urriaren 31n, musika elektronikoaren hitzordu garrantzitsua izango dute musika elektroniko zaleek Donostiako Mogambo aretoan: Musgo jaialdia. 16:00etan irekiko dituzte ateak, eta antolatzaileek adierazi dutenez, egunsentira arte luzatuko den etengabeko festa izango da.
Aurtengo edizioan, DJ sesioak zein performanceak gertutik bizitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; horietan, zarata, gorputza, ahotsa eta dantzaren mekanika uztartuko dituzte.
Jaialdiaren kartelak zortzi proposamen biltzen ditu: Ander Arcek, groovea eta techno sendoa ekarriko ditu dantzalekura; Elena Barkerrek genero ezberdinak nahastuko ditu (technoa, trancea, erritmo apurtuak); Emilia Grimak bass musikaren lurralde ilunenak zeharkatuko ditu; Jinn bikoteak klub musikaren alderdi ilun eta misteriotsuena landuko du, techno, electro eta breaks soinuen bidez; La Chretiennek txirula eta dancefloor erritmoak erabiliz, meza profano bat edota rave sakratu bat irudikatuko du bere performancean; Noise From The Matrix bikoteak noise atmosferak sortuko ditu kontaktu mikrofonoekin eta beraiek egindako sintetizadoreekin; Ofensak erritmo ilun, esperimental eta festiboen arteko loturak bilatuko ditu eta, amaitzeko, Phosky DJak dantzalekuak pizten duen esperientzia zabala erakutsiko du.

