Heriotzari buruz naturaltasunez hitz egiteko zazpigarren jaialdia egingo dute Donostian
Urriaren 30etik azaroaren 7ra bitartean, heriotzari, doluari eta bizitzaren amaierako erabakiei buruz hausnartzeko hainbat jarduera antolatu dituzte hirian.
Donostiak Heriotzari bizia ematen jaialdiaren zazpigarren edizioa hartuko du urriaren 30etik azaroaren 7ra, Heriotzak garrantzia duelako lelopean. Ekimenaren helburua da heriotzaz eta hiltze prozesuaz naturaltasunez hitz egiteko guneak sortzea, beldurrak eta nahiak partekatzeko eta bizitzaren amaieran gertutasunak, entzuteak eta elkar zaintzeak duten garrantzia azpimarratzeko.
Bidegin Gipuzkoako dolu laguntzarako zerbitzuak eta Donostiako Udaleko Osasuna Sustatzeko Atalak antolatu dute jaialdia, eta Tabakalera, Polloe, Osakidetza, Donostia Kultura eta Plus 55en laguntza izan dute. Hainbat jardueraren bidez, herritarrak heriotzaren inguruan hausnartzera eta gai horri buruzko elkarrizketak partekatzera gonbidatu nahi dituzte.
Egitarauak hainbat proposamen biltzen ditu, besteak beste, Hil aurretik nahi dut… horma, Polloeko hilerriko omenaldi musikala, Death Kafeak eta Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruzko tailerrak.
Gogoetarako eta elkartasunerako hainbat jarduera
Lehenengo ekimenetako bat Hil aurretik nahi dut… horma izango da. Urriaren 30etik azaroaren 1era egongo da Antiguako tuneleko oinezkoen pasabidean, egun osoan. Herritarrek klarionarekin idatz dezakete hil aurretik egin, bizi edo lortu nahi dutenari buruz. Candy Chang artistak 2011n New Orleansen abiatutako Before I die proiektuan oinarrituta dago ekimena, eta bizitzan benetan garrantzitsua denaz hausnartzeko gonbita egiten du.
Azaroaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara, Isiltasuna afinatzen omenaldi musikala egingo dute Polloeko hilerriko hainbat gunetan. Musikaren eta kantuaren bidez, hildakoak gogoratzeko eta doluari adierazpide artistiko baten bidez heltzeko aukera eskainiko dute, komunitatearen elkartasuna eta elkar zaintzea sustatuz.
Azaroaren 7an, berriz, Death Kafeak egingo dituzte Tabakaleran, 11:30etik 13:00etara. Bi talde antolatuko dituzte, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Topagune informal horietan, parte-hartzaileek heriotzaz eta bizitzaren amaieraz askatasunez hitz egin ahal izango dute, kafea eta bizkotxoa lagun. Ez dira dolu taldeak, eta ez dute ondorio jakinik ateratzea helburu; “konfidentzialtasuna eta elkarrekiko errespetua” izango dira oinarriak.
Bizitzaren amaierako erabakiei buruzko tailerrak
Jaialdiaren barruan, Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruz hausnartzeko eta hura sinatzeko bi tailer ere antolatu dituzte, Donostialdeko ESIko Lehen Mailako Arretako profesionalek eta erizain komunitarioek gidatuta. Saioen bidez, parte-hartzaileek beren balioei, lehentasunei eta etorkizunean jaso nahi dituzten zaintza eta tratamenduei buruz hausnartu ahal izango dute, erabakiak modu informatuan eta autonomoan hartzeko.
Tailer bakoitzak bi saio izango ditu, eta biak egin beharko dira dokumentua sinatu ahal izateko. Gaztelaniazko tailerra azaroaren 3an eta 24an egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, Egiako Kultur Etxean. Euskarazko saioak, berriz, azaroaren 6an eta 27an izango dira, ordu eta leku berean.
Death Kafeetan eta Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruzko tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da. Jarduerak doakoak dira, baina plazak mugatuak dira. Horretarako, 943 483 878 telefono-zenbakira deitu edo osasuna@donostia.eus helbidera idatzi daiteke.
Jaialdiaren bidez, antolatzaileek gogorarazi nahi dute heriotzaz hitz egiteak ez duela heriotza gerturatzen, baizik eta beldurrak partekatzeko, nahiak adierazteko eta une zailak elkarrekin bizitzeko aukera ematen duela. Bizitzaren amaieran, arreta medikoaz gain, gertutasuna, entzutea eta laguntza ere funtsezkoak direla nabarmendu dute.

