'Sidari', Xake Produkzioaken 10. urteurreneko antzezlana, azaroaren 7an iritsiko da Gazteszenara
Getari Etxegarai, Iholdi Beristain, Hodei Arrastoa eta Kepa Errasti aktoreak.Donostia Kultura Xake Produkzioak antzerki konpainiak, bere hamargarren urteurrena ospatzeko asmoz, Sidari antzezlan berria aurkeztu du. Obra honen zuzendaria Getari Etxegarai da, eta Kepa Errasti arduratu da testua idazteaz. Oholtza gainean, hala, Iholdi Beristain, Hodei Arrastoa, Getari Etxegarai bera eta Kepa Errasti arituko dira. Azaroaren 7an antzeztuko dute, Gazteszenan.
Bidaia, denboran zehar
Istorioak Jone eta Jokin aurkezten ditu, hogeita hamar bat urte dituen bikote gaztea; beraien zortzigarren urteurrena ospatzeko, Europan zehar interrail bidaia bat egiten ari dira. Jokin oso gustura dago bere neskarekin, baina Jonek zalantzak ditu, ea Jokin bere bizitzako maitasuna den.
Trenean direla, Juana eta Joaquin izeneko adineko bikote batekin egingo dute topo, eta zaharrek gomendio berezi bat egingo diete gazteei: Korfu irlako Sidari herrian dagoen kanal bat igerian gurutzatzea, hori egiten duten bikoteek betiereko maitasuna lortzen omen dutelako.
Komedia eta errealismo magikoa
Komedia bat izan arren, obrak errealismo magikotik asko edaten du, denboraren muga eta pertzepzio logikoak apurtzen baitira. Umorezko tonua izan arren, obrak publikoari gogoeta eragin nahi dio hainbat gai potoloren inguruan: bikote harremanak eta maitasuna, bakardadea eta zaintza.
Eszenografiari dagokionez, tren bagoi batean gertatuko da dena, azken etapa izan ezik, hura Sidariko kanal horretan gertatuko baita.

