TDAH duten pertsonak ulertzeko eta euren beharretara egokitzeko konpromisoa eskatu dute
Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduaren (TDAH) Egun Nazionalaren harira, 'Zure jarrera aldatzeak haien etorkizuna aldatzen du' kanpaina aurkeztu zuten, udaletxean. Donostiako Udala Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduaren (TDAH) Egun Nazionalaren harira —atzo, hilak 27— Zure jarrera aldatzeak haien etorkizuna aldatzen du kanpaina aurkeztu zuten, udaletxean.
Ekitaldian Mariaje Idoeta Donostiako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta ADAHIGI elkarteko (Gipuzkoako TDAHdun familien elkartea) Maite Urkizuk eta Amaia Garciak hartu zuten parte. Beraiek arduratu ziren kanpainaren manifestua irakurtzeaz, gaur egun lurralde osoan elkartearen babesa jasotzen duten 536 familien izenean.
Bizi osorako nahasmendua
Manifestuaren bidez, erakundeek gogorarazi dute TDAH garapen neurologikoaren nahasmendua dela, eta, maiz, bizi osoan zehar irauten duela. Hori dela eta, laguntzak ez dira haurtzarora mugatu behar, baizik eta bizi zikloko etapa bakoitzera egokitu.
Aldarrikapen nagusien artean, honako hauek nabarmendu dituzte: familia ingurunean ulermena sustatzea eta ikasgeletan beharrezko egokitzapenak bermatzea, nerabezaroan laguntza espezifikoa eskaintzea eta lan espazio inklusiboak sortzea eta diagnostiko egokia, profesional trebatuak, ebidentzia zientifikoan oinarritutako esku hartzeak eta asistentzia jarraitutasuna bermatzea.
Datuen arabera, TDAHak 4,2 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten die Espainian. Aurtengo kanpainaren helburu nagusia gizartearen eta ingurunearen jarrera eraldatzea da, oztopoak apurtu eta TDAH duten pertsonek euren autonomia, autoestimua eta bizi proiektuak baldintza onenetan garatu ditzaten.

