Argentinako eta Espainiako Estatuko memoria historikoaz eta egiaz arituko dira Teila Fabrikan
Egiako Teila Fabrikako solasaldi baten artxiboko irudia.Sara Ibarguren Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) memoria historikoari buruzko jardunaldi mamitsua antolatu du Egiako Teila Fabrikan: Egiak ez du preskribatzen. Argentinako eta Espainiako Estatuko kasuak. Larunbatean izango da, hilaren 31n, 10:30ean; bertaratzerik izan ezinez gero, zuzenean jarraitu daiteke, hemen.
GEBehatokiako kide Iratxe Urizarrek irekiko du mintegia lehenik, eta Santiago Bereciartuak emango du lehenengo hitzaldia, jarraian. Argentinarra da Bereciartua, abokatua, eta Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko (UNR) irakaslea; Justizia zigorgabetasunaren aurrean: Argentinako ikasgaiak Espainiako zuzenbide konstituzionalerako txostena aurkeztuko du.
Horren ondoren, mahai ingurua antolatu dute, GEBehatokia erakundekoek, Carolina Villela abokatu argentinarrarekin eta Oscar Sanchez abokatua euskal herritarrarekin; Eneko Calle giza eskubideen alorreko adituak moderatuko du saioa.Bukatzeko, Manuel Gonçalves Granadak hitzaldia emango du. Argentinako “berreskuratutako biloba” deritzonetako bat da Gonçalves, eta bere historia kontatuko du.
Amnistia legea eta salaketak
Jardunaldia ulertzeko, honako testuingurua jarri dute mahai gainean antolatzaileek: “Espainiako botere judizialaren barruan ‘talka’ gertatzen ari da. urriaren 19ko Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen eta 46/1977 Amnistia Legearen artean. Salaketen esparruan, 2014tik 158 aurkeztu dira Espainiako Estatu osoan. Horietako hiru —Txomin Letamendi (1950), Josu Mugika (1976) eta Jose Luis Mondragon Elorza/Roke Xabier Mendez (1977)— GEBehatokiak bultzatu ditu. Horietatik, 150 artxibatu dituzte, Amnistia Legea argudiatuta”.
Horrela, larunbateko mintegiaren helburua “urriaren 19ko Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen konstituzionaltasunari buruzko eztabaida irekitzea da”, antolatzaileek nabarmendu dutenez.


