'Off' komedia distopikoak irabazi du 35. Poltsiko Antzerki Sorkuntza jaialdia
Nomofobikoak taldeak aurkeztu du 'Off' antzezlana.Donostia Kultura Politsoko Antzerki Sorkuntza programak aurtengo irabazlea iragarri du: Nomofobikoak taldeak –Amaia Lizarraldek, Olatz Beobidek eta Xabin Fernandezek osatuta– aurkeztutako Off antzezlana. Mikel Martinezek antzeztutako komedia distopikoak telefono mugikorrek kontrolatzen duten errealitate paralelo bat irudikatzen du, eta aplikazioen eta adimen artifizialaren barrualdea ezagutzera eman nahi du umorea erabiliz: “Gure errealitateko amu, zalantza eta beldurrei aurre eginez, umorearen marmitan eroriko gara”.
Bigarren saria Patua antzezlanarentzat izan da, Joserra Fachadok idatzia eta Nerea Ramirezek eta Ekain Arrietak antzeztua. Umorezko antzezlan musikalak Sara eta Josu elkartzen ditu: supermerkatuko arrandegian bakoitzaren txandaren zain daudela, Sarari Josu ezaguna egiten zaio, baina ez daki zergatik. Elkarrizketa izan ondoren gogorarazten dio Josuk Sarari aurreko larunbatean “gaua elkarrekin bukatu zutela”.
Lehen saria jaso duen proiektuak 2.500 euroko ekarpena jasoko du antzezlana garatzeko eta ekoizteko, eta finalistak beste 2.000 euro. Gainera, saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatu eta antzeztuko dituzte irabazle eta finalistek, bakoitzak lau emanaldi eginez, irabazleak 3.000 euroren eta bigarren postuan geratu denak 2.500 euroren truke.

