Ostiralerako Osakidetzako greba eguna mantenduko dute sindikatuek
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzan iragarritako greba egutegiari eustea erabaki dute, lan baldintzen negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela argudiatuta. Lehenengo lanuztea ostiral honetan egingo dute, eta gatazkak 47.000 langile baino gehiagori eragiten die. Ostiralekoaren ostean, abenduaren 9an Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan egingo dituzte greba egunak, eta abenduaren 14an, Osakidetza osoan.
Erabakia Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egindako Mahai Sektorialaren bileraren harira iragarri dute. Bertan, Osakidetzako eta Osasun Sailaren arduradunekin batera, lan baldintzak arautzen dituen akordioa berritzeko negoziazioa aztertu dute. Osakidetzaren arabera, elkarrizketak adostutako egutegiaren arabera ari dira egiten, eta azken bileran lizentzien eta baimenen inguruko nahiz zerbitzuak emateko modalitateei buruzko hobekuntzak aurkeztu dituzte.
Sindikatuek, ordea, salatu dute langileek urte gehiegi daramatzatela lan baldintzak eguneratzeko zain, eta Osakidetzak oraindik ez duela soldata proposamenik aurkeztu. Besteak beste, lanaldiari, baimenei, kontziliazioari, ordainsariei eta lan baldintzei buruzko hobekuntza zehatzak eskatu dituzte. Gainera, zuzendaritzari eskatu diote medikuen sindikatuarekin lortutako akordioan erakutsitako erantzuteko gaitasun eta sentikortasun bera izatea.
Bestalde, ESK sindikatuak salatu du Osakidetzako zenbait zerbitzu erakundek —Donostialdeko eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIek, besteak beste— txertaketa zentroetako langileei gutxieneko zerbitzuak ezartzeko asmoa dutela, greba egiteko eskubidea mugatuz. ESKren arabera, txertaketa ez da premiazko arreta edo prozesu onkologikoa, eta ez litzateke gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko arrazoia izan behar.

