Pio Barojari buruzko 'El mundo es ansí' filma estreinatuko dute, idazlearen heriotzaren 70. urteurrenean
'El mundo es ansí' filmaren filmaketa, Donostian.Nueve Cartas Ostiral honetan, hilak 30, estreinatuko da Donostiako Trueba eta Bilboko Multicines zinema aretoetan El mundo es ansí, Miguel Angel Calvo Buttini zinemagilearen film luze berria. Pio Baroja idazlearen heriotzaren 70. urteurrena betetzen den honetan, pelikulak dokumentala eta fikzioa uztartzen ditu idazlearen pentsamendua eta unibertso literarioa gaur egungo ikuspegitik berreskuratzeko.
Filma ez da ohiko biografia bat; zuzendariaren asmoa idazlearen eta orainaldiaren arteko elkarrizketa bat sortzea izan da. Horretarako, filmean fikziozko trama bat txertatu dute: Ana graduondoko ikasleak Barojari buruzko ikerketa lan bat egin behar du, eta horren bidez, irudimenezko elkarrizketa bat hasiko du idazlearen alter egoarekin. Bien arteko topaketak lotzen ditu iragana eta gaur egungo kezkak.
Artxibo ugaria
Fikzioaz gain, filmak artxiboko materiala eta hainbat adituren testigantzak biltzen ditu. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Ramon Barea, Soledad Puértolas, Marta Sanz, Gregorio Luri eta Maria Jose Solano elkarrizketatu dituzte. Era berean, proiektuak Carmen eta Pio Caro Barojaren iloba txikien babes zuzena izan du, baimenak, artxiboko materialak eta lokalizazioak lortzeko bideak erraztu baitituzte.
Filmazioari dagokionez, idazlearen bizitzari lotutako hainbat lekutan garatu da; bereziki Beran (Nafarroa), baina baita Donostian, Zestoan eta Madrilen ere.

