Umore jaialdia 19 ikuskizunekin eta hamaika agertokirekin itzuliko da, martxoan
Umore jaialdiaren kartela.Umore Umore Donostiako Nazioarteko Komedia Jaialdiak, 2027ko martxoaren 3tik 7ra bitartean hartuko du bere bigarren edizioa. Lehenengo urtean 14.730 ikusle bildu zituen, eta arrakasta horren ondoren, jaialdiak bere eskaintza zabalduko du aurten: Donostian ez ezik, Azkoitian, Lasarte-Orian, Irunen eta Tolosan ere izango dira emanaldiak. Guztira, 19 ikuskizun eskainiko dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak gaztelaniazko zein euskarazko komedia eskaintza anitza bilduko du: bakarrizketak, inprobisazio saioak, galak, zuzeneko podcastak eta prestakuntza ikastaroak. Sarrerak gaur, hilaren 29an, jarriko ditzute salgai, 11:00etatik aurrera.
Egitarau oparoa
Jaialdiari hasiera emateko, martxoaren 3an PodKARRIZKETA podcasta zuzenean egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, Goyo Jimenezek, Galder Varasek eta Luis Piedrahitak. Martxoaren 4ean, eskaintza biderkatu egingo da: Míster Jäggerrek Morirse de rabia estreinatuko du Kursaalen, eta Euskomedians euskarazko bakarrizketen zikloak ateak irekiko ditu Aquariumean, Ane Lindane eta Odei Fernandezen eskutik, besteak beste.
Martxoaren 5ean eta 6ean iritsiko dira jaialdiaren plater nagusietako batzuk: 5ean, Corta el cable rojo Kursaaleko Auditorioan izango da; Woman Up! ikuskizuna, Ana Morgade eta Encarni Corrales umoristekin, besteak beste, Irunera iritsiko da; eta Umore World Tour, Andoni Agirregomezkorta, Eva Hache, Luis Piedrahita eta Nerea Garmendiarekin, Tolosako Leidorren izango da.
Martxoaren 6an, Txisteria Colectiva gala handiak zortzi umorista ezagun bilduko ditu Kursaalen, Mikel Bermejo, JJ Vaquero eta David Cepo, tartean direla. Egun horretan ere, El Mundo Today-ko Xavi Puigek kazetaritza satirikoari buruzko saioa eskainiko du, eta Euskomedians zikloak aurrera jarraituko du, Julen Axpe, Maialen Sorzabalbere, Julen Portillo eta Maria Blancoren parte hartzearekin.
Martxoaren 7an, Hovik Grito lanarekin itzuliko da. Azkenik, Luis Piedrahitak, Goyo Jimenezek eta Galder Varasek, ezusteko gonbidatu batekin batera, Bonitos del Norte 2: Más y peor ikuskizunarekin itxiko dute aurtengo edizioa.

