Gora bihotzak!
Filma: Arriba Tutto
Zuzendaria: Jose Mota
Urtea: 2026
Herrialdea: Espainia
Berriki ikusi dugu ahoz aho zabaldu den La bola negra filma nola bilakatu den fenomeno eztabaidaezina, baina gustatuko litzaidake Los Javis bikotearen anbiziorik ez duen Arriba Tutto-k ere merezimenduzko harrera izatea. Abiapuntu, aldarri eta kabi bera dute bi pelikulek, askatasuna, baina Lorcaren memoria eta sexualitatea goratu nahi duen proiektu handinahiak baino baliabide filmiko eta narratibo xumeago, gozoago eta xamurragoa du Jose Mota umoregile eta aktorearen opera prima familiarrak.
1905ean ekiten dio istorioak, eta Michi (Pablo Cabello) da protagonista. Zazpi urteko mutikoak aita (Karra Elejalde) komediante ibiltaria du, commedia dell’arte delakoaren mireslea. Hiru hamarkada geroago, 36ko gerra bete-betean, errepublikazaleekin ari da (Mota bera) tropa nazionalen aurka borrokan, baina ezusteko segada bat baliatuz zinemagile esperimentala den koronel italiar baten identitatea hartuko du; kuartelean Conchitarekin (Mila Borras/Olivia Molina), haurtzaroko maitasunarekin, egingo du topo. Era berean, jeneral frankista batek (Diego Anido) Hitlerren ministro antzerkizale batentzat presoek interpretatutako ikuskizun bat prestatuko du.
Bada, filmaren premisa ez da batere berritzailea; berehala gogoratuko dizkigu, ezinbestean, Roberto Benigniren La vita è bella (1999) obra, eta atzerago joz, Charles Chaplinen The Great Dictator (1940) zein Ernst Lubitschen To Be or Not to Be (1942) maisulanak. Historiako komiko handienen ondarea goratu nahiko du Motak, izan ere, aipatutako hiru zinemagile humanistez gain, Arriba Tutto-n badago Berlangaren, Laurel eta Hardyren zein Marx anaien arrastoa ere; zer esanik ez On Kixote zaldun ameslariarena, aipatutako erreferente guztien filosofiaren aitzindariarena.
Barrea, fartsa, umore intelektual baina herrikoia eta gizatasuna dira filmaren engranajeak, baina ez dira gag bakartuak izango (orain arteko bere telebista esketxetan bezala), kausa-efektuzko jarraikortasun narratiboa eta koherentzia integrala izango baitute. Halaber, pelikulak gerraren zentzugabekeria biluzten duen mezu bakezalea dauka («barre algara gehiago eta fusil gutxiago!», «barre algarak balak baino ozenago entzun daitezela!»), baina kutsu nostalgiko sutsua ere badu, iraganeko zauriei eta promesei, maitasun galduei, bigarren aukerei eta familiaren ondarea berreskuratzeko ilusio zein borrokei buruz ari baitzaigu Arriba Tutto hizketan.
Faxismo garaiak eta sistema totalitarioak fokupean jarriz horien krudelkeria, basakeria eta ankerkeria salatu dituzten komediak eta satirak gustagarri izaten ditu herriak. Izan ere, komediak munduaren ikuskera transgresore, errebelde, utopikoa aldarrikatzeko ahalmena dauka. Arteak, zinemak, sarri asmatu izan du babes hesi kulturala eraikitzen, eta irisgarritasuna zein kontsumoa demokratizatuta daukagun honetan, sastakada orok du eragina.

