«Kirolak ere konexioak egiten ditu»
Kirola, zientzia eta ekintzailetzarekin batera, berrikuntzak izan dira protagonista WeekINN, XIII. Berrikuntzaren Astearen programazioko ‘Kirola, zientzia eta ekintzailetza: eragina sortzeko eta negozioak garatzeko aukerak Donostian’ saioan.
XIII: Berrikuntzaren Astearen programazioaren parte izan da 'Kirola, zientzia eta ekintzailetza' saioa.Donostia Sustapena Berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzen duen Donostia Sustapenaren ekimena da WeekINN, eta oraingoan, talentua eta lan aukerak elkartzea izan ditu hizpide Kirola, zientzia eta ekintzailetza: eragina sortzeko eta negozioak garatzeko aukerak Donostian saioan. Aretoa lepo beteta –batez ere ikaslez, Deustuko Unibertsitatekoak eta Easo Politeknikokoak– hasi dute saioa. Bertan, konexio espazio bat sortu dute: «Talentua eta aukerak» elkartzeko topalekua.
Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzia izan da lehen hizlaria. Oiarbidek ziurtatu du Donostian kirol dezente egiten dela; eta gaineratu du donostiarren %30ak duela Kirol Txartela, eta %70ak kirola aktiboki egiten duela. Hala, ezinbestekotzat jo du zinegotziak kirola egiteko gune egokiak egotea eta Donostian halako hainbat leku daudela ziurtatu du.
Kirola eta zientziaren arteko harremana uztartzeko, Anoetatik gertu, Illunben «hub» berri bat eraikitzen ari direla azaldu du Oiarbidek, non kirola, zientzia eta berrikuntza izango dituzten ardatz, eta, gainera, «biomedikuntza» landuko dutela ziurtatu du zinegotziak.
Segidan, Maria Jose Aranguren Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak hitz egin dute. Kirolak Donostiako ekonomiaren garapenean duen ekarpenaz mintzatu dira, eta hiriaren eta enpresen arteko zubi ere badela argudiatu dute.
Olaizolak azaldu du hutsetik ezer sortzea zaila dela, eta horregatik dela eskertzekoa Donostian «kirol kultura» egotea. Horrek garapen programa baten –kirola zientziarekin lotuko lukeen programa bati deritzo– sustapena erraztu egiten duela ziurtatu du. «Gastronomiak bezala, kirolak ere konexioak sortzen ditu», nabarmendu du Olaizolak.
Arangurenek aitortu du berrikuntza ez dela erraza, baina ikasleek egiten duten lanak ongizatea sortzen duela ziurtatu du.
Arangurenek aitortu du berrikuntza ez dela erraza, baina ikasleek egiten duten lanak ongizatea sortzen duela ziurtatu du
Kirola ikertzearen onurak
Patxi Leon eta Basagaitz Guereño emakumeen arraunaren inguruan jardun dira. Izan ere, emakumeak lehiatzen hasi zirenean, gizonezkoen material zaharra erabiltzen hasi ziren. Horrek hainbat arazo ekarri zituen: gizonezkoentzat egindako trainerua erabiliz gero, emakumeek gutxiago pisatzen dutenez, ontzia ez da hainbeste urperatzen, eta, ondorioz, emakumeek arraunak gehiago igo behar dituzte.
Horregatik izaten dituzte emakume arraunlari askok sorbaldan minak. Haien helburua, orain, emakumeentzat egokituak dauden traineruak egitea da, min horiek ekiditeko.
Arkaitz Castañedak eta Aitor Gotik errendimenduari aplikatutako teknologiaren inguruan hitz egin dute. Nola biomekanika produktu edo zerbitzu batzuetara eraman daitekeen osasun aktiboa sustatzeko. Indar isometrikoaren inguruan mintzatu dira –muskuluak luzera aldatu gabe eta giltzaduretan mugimendurik sortu gabe egiten den indarra da; pareta baten aurka indarra egitea, adibidez–, baita indar hori lantzeko sortu dituzten bi asmakizunen inguruan ere.
Lehen asmakizuna handiagoa da, azaldu du Castañedak. Baina hari esker, halako indarrak neurtzeko aukera sortu dute. Durango inguruan hasi ziren harekin frogak egiten, zaharrenen entrenamenduetan txertatzen. Gotik aitortu du, kaletik inoiz gelditu zutela, aitona-amonekin zer egiten zuten galdetzeko, indarra berreskuratu baitzuten.
Asmakizun horren arrakasta, beraz, ukaezina zen. Baina beste arazo bat zeukan: tamaina. Horregatik, beste asmakizun bat sortu dute, antzekoa. Indar isozinetikoa baliatuz –mugimendua egiten den artean, abiadura iraunkor mantentzen da, baina erresistentzia aldatu egiten da–, makina txikiago bat patentatu dute, helburu berdinarekin erabili nahian.
Ikerketatik ekitera
Antzeko ildoan, Aitor Diaz, DNAK Cycling enpresaren sortzaileetako bat, haien produktuaren inguruan mintzatu da. Diazek arazo bat topatu zuen: entrenatzeko bizikleta mugiezinek, ez zituztela kalean bizikletaz ibiltzean sortzen diren egoerak sortzen. Hala, lanean hasi zen eta bizikletaren «kulunka naturala errepikatzen duen simulagailu biomekaniko» bat sortu eta patentatu zuen. Hala, etxean bertan entrenatu dezake ondoren kalean –edo mendian, edo dena delako lekuan– bizikletaz ibili nahi duenak.
Bidean, eginez, ikusiko dute zeintzuk diren gehiago landu behar dituzten alorrak, eta hala joango dira ogibidea ikasten
Deustuko Unibertsitateko ikasle ohi bat ere aritu da mintzatzen: Mikel Mendiburu. Entrenatzailea da, eta hark egindako ikasketa berberak egiten ari direnei mezua zabaldu nahi izan die: inoiz ez dira guztiz prest egongo haien proiektu propioa egiteko, beraz, ekin dezatela ahal eta nahi dutenean. Bidean, eginez, ikusiko dute zeintzuk diren gehiago landu behar dituzten alorrak, eta hala joango dira ogibidea ikasten.


