Nola uxatu mamuak
Santa Klara uhartea, ekaitzarekin.Joseba Parron San Sebastian + Zer behar duzu?
– Mamuak uxatu.
+ «Data esanguratsu bat behar duzu».
– Gaurkoa.
+ Zer gertatu zen urriaren 30 hartan?
– Muxu bat.
+ Eta zer du horrek txarra?
– Ezpainetan dut oraindik zaporea.
+ Non zaude?
– Hondartzan; non uxatzen dira mamuak, bestela?
+ «Idatzi tinta gorriz zure mamu guztien izenak eta eman su; gogoratu, poxpoloekin izan behar du».
– Haize honekin ezinezkoa da ezer piztea.
+ Beti eman dizute beldurra horrelako erritualek.
– Olatu altuak daude, ez dakit zenbat metrokoak.
+ Ez dira horiek neurtu behar dituzunak.
– Hauek ere altuak dira.
+ Eta mamuak?
– Hemen, bueltaka.
+ Eta zure beldurrak?
– Beraien eskutik helduta.
+ Altuera?
– Bost metro.
+ Nola dakizu?
– Ez dakit. Bost metro altu da.
+ Non dago muxu hori orain?
– Urdailean. Birikak estaltzen dizkit, batzuetan.
+ Zergatik uxatu nahi duzu mamu hori?
– Ez dut errentarik ordaintzen ez duen maizterrik nahi nire barruan.
+ Gertu duzu ekaitza.
– Barnean ere badaukat.
+ Eta beldurra?
– Eztarrian.
+ «Hartu paper zatitxoak eskuetan, eta egin putz».
– Haizeak eraman ditu, berehala.
+ Eta mamua?
– Orain hotza soilik nabari dut biriketan.

