Ezkon kanpaiak eta erailketa bat; detektibe lanetan aritu dira gaztetxoak Loiolan
Sustrai Aisialdi Taldeko begiraleak, 'Nor da hiltzailea?' jolaseko epaiketan.Sustrai Aisialdi Taldea Santu Guztien Egunarekin batera iristen da, urtero, Loiolako Sustrai Aisialdi Taldeak antolatzen duen Nor da hiltzailea? jolas arrakastatsua. Erailketa baten berri jasotzen dute bertaratutakoek, eta detektibe lanak eginda, zer gertatu den asmatu behar izaten dute; susmagarriekin hitz egin, frogak pasatu, epaitu eta atxilotu. Talde lanean eta euskaraz.
Aurten ere, auzoko kultur etxea jendez lepo egin zuten jolasa atzoko arratsaldez; haurrak ezkontza bateko gonbidatuak izan ziren, baina dena ez zen hain erromantikoa izan: Markos, ezkongaia, hilik agertu zen ezkondu baino minutu batzuk lehenago. Elenak (ezkongaia) bere shock egoerari aurre egiten zion bitartean, Margari (Markosen ama), Anttoni (gozogilea), DJ Txekorri (DJ-a), Klarari (wedding planner-a), Amagoiari (argazkilaria) eta Tonyri (estilista) galdeketa sakona egin zieten detektibe txikiek, Markosi gertatutakoa deskubritzeko.

