Udalak Mimarte zirkuitua jarri du berriro martxan, gazteen artean alkohol kontsumoa prebenitzeko
Udalak Mimarte zirkuitua jarri du berriro martxan, gazteen artean alkohol kontsumoa prebenitzeko.Donostiako Udala Donostiako Udalak abian jarri du, beste behin, Mimarte zirkuitua. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzako (DBHkoei eta Derrigorrezko ondoko hezkuntzakoak barne) ekimen honek alkohol kontsumoa eta horren arriskuak prebenitzea du helburu. Lehen saioa Mundaiz ikastetxean egingo dute azaroaren 3an, eta, ondoren, hiriko beste hainbat zentrotara zabalduko dute.
Ohiko prebentzio mezuetatik haratago, Mimartek ikuspegi berritzailea erabiltzen du: mimoa, umorea eta eguneroko egoeren antzezpena baliatzen ditu. Formatu parte hartzaile baten bitartez, gizarte harremanak eta talde presioa lantzen dira, besteak beste, ikasleek beraiek egoera arriskutsuak identifikatzen ikas dezaten. Jarduera osatzeko, emanaldien ostean eztabaida bat irekitzen dute ikasleekin, eta irakasleek material didaktikoa jasotzen dute gaia ikasgeletan lantzen jarraitzeko.
Iñigo Garcia Ingurumeneko zinegotziak prebentzioa gazteen errealitatera egokitzearen eta txikitatik lantzearen garrantzia azpimarratu du. Haren hitzetan, “alkohol kontsumoaren prebentzioak informazioa ematea baino zerbait gehiago eskatzen du”. Esan duenez, garrantzitsua da esparruak sortzea gazteek ikus dezaten eguneroko egoeretan nola jokatzen duten, egoera horien gainean gogoeta egin dezaten eta hartzen dituzten erabakiei buruz naturaltasunez hitz egin dezaten.
Ekimena 2018tik martxan dagoen Alkoholaren Mahaiaren lan ildoaren parte da. Gune horren helburua Udaleko sailen eta erakundeen arteko koordinazioa bermatzea da, hezkuntzaren bidez gazteen arteko alkoholaren eskaintza zein eskaria murrizteko, aisialdiari arreta berezia eskainiz.
Emanaldien egutegia
Hainbat data oraindik ixteke badaude ere, udalak baieztatu du zirkuituak honako ibilbide hau egingo duela:
Azaroa:
-
Azaroak 3 (08:30): Mundaiz ikastetxea.
-
Azaroak 4 (09:30 eta 11:45): Zubiri Manteo BHI.
-
Azaroak 16: San Patricio.
-
Azaroak 25 (09:00): La Asunción Ikastetxea.
-
Azaroak 30 (10:30): Martutene Lanbide Eskola (Egia Kultur Etxean).
Abendua:
-
Abenduak 9: Herri Ametsa Ikastola.
-
Abenduak 16 (09:15 eta 11:15): Peña Florida BHI.
-
Abenduak 17 (09:15 eta 11:15): Peña Florida BHI.

